ZUHAITZ EGUNA

Bost espezie berri, eskolan landatuta

Kronika - Erredakzioa 2020ko api. 2a, 00:00

Alertze landarea, haritza, gerezia, atlaseko zedroa eta zedro japoniarra dira Udalak landatu dituen bost espezieak.

Udalak jakinarazi du landaketak egin dituela eskolako eremuan eta eskolan bertan. Landare hauek Zuhaitz Egunean ikasleekin aldatzea zen asmoa, baina «konfinamendua dela- -eta, Udalak aldatu behar izan ditu».

Bost espezie berri, eskolako eremuan
Landaketak eskolako eremuan egin dira; zehazki, 2019 bukaeratik Berdabio basogintza S.L. enpresa prestatzen aritu den Basakaundi parajean. Denera, bost espezie desberdinetako landareak aldatu dira: bertako haritza, gerezia, zedro japoniarra, altaseko zedroa eta taeda landareak, hain zuzen.

Horrekin lotuta, Zuhaitz Egunean eskolan espezie bakoitzeko ale bat aldatzeko asmoa ere bazegoen, jolas eremuan dauden bost zuloetan. Baina, «COVID-19ak eragindako alarma egoera dela-eta, ezin izango da Zuhaitz Eguna ospatu», Udalak aurreratu duenez, eta horregatik, dagoeneko aldatu ditu landare hauek ere, eskolan.

Dena den, aldaketa bat egin duela jakinarazi du. «Taeda landareak prozesionariak erakartzen dituenez, honen ordez, alertze landare bat aldatu da».

Zein da zein, asmatzeko aukera webgunean
Udalak gaineratu du espero duela «ikasleek laiste izanen dutela landare hauek ezagutu eta nola hazten diren ikusteko aukera».

Bitartean, jolas txiki bat proposatu du. Eskolan landatutako bost landareen argazkiak igo ditu Facebook orrialdeara (Goizuetako Udala), eta bakoitza zein den asmatu behar da. Erantzunak, www.goizueta.eus webgunean ikusi daitezke.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!