MENDI LASTERKETAK

«Ni ere oso harrituta nago; espero baino askoz ere hobeak ari dira izaten emaitzak»

Kronika - Erredakzioa 2020ko mar. 14a, 00:00
Hodei Lujanbio, Aiako Harriko tontorrak eta Arditurriko bidegorria atzean dituela.

Sekulako sasoian hasi du mendi lasterketen denboraldia, Hodei Lujanbio goizuetarrak: lau lasterketa egin, eta denetan igo da podiumera. Lesakan, gainera, aurreneko garaipena lortu zuen. Urtetik urtera egin du hobera, baina berak ere ez zuen espero, aurten «salto» hori ematea.

Orain bi aste jarri zion erremate borobila, Hodei Lujanbio goizuetarrak, mendi lasterketen denboraldi hasiera bikainari. Lesakako Mendi Lasterketan jaso zituen besoak, aurreneko aldiz txapeldun. Baina ordurako ez zen sorpresarik izan: lau mendi lasterketa egin, eta denetan igo da podiumera aurten.

«Ez nuen espero horrelako sasoian hastea denboraldia. Egia da aurreko urtean ondo ibili nintzela, baina aurten, lasterketak egiten hasi nintzenetik, oso gustora ari naiz aurkitzen, eta espero baino askoz ere hobeak ari dira izaten», dio korrikalari goizuetarrak.

Otsailean ekin zion, Berastegiko Negu Trailen, bigarren postuan sailkatuta; eta Lezo-Jaizkibelen konfirmatu zuen, ez zela egun bakarrekoa izan bere maila: hirugarren egin zuen. «Ikusita aurretik izan ditudan korrikalari pare batek daukaten maila, eta orokorrean inguruan maila oneko jendea izan dudala, ni ere oso harrituta nago, lortzen ari naizen emaitzekin», onartu du.

Aurreneko bietan sekulako mailan arituagatik ere, azkeneko bietan aritu da gustoren, Lujanbio: «berez, Lesakako garaipena esan beharko nuke. Baina egia esan, UZ Traileko bigarren postuarekin gustorago geratu nintzen. Lasterketa luzeagoa zen, 23 kilometro, eta lasterketa erdi­an zazpigarren postuan egotetik, bigarren postura aurreratu nuen gero. Aurrenekoa nuen aur­ten, distantzia luzeagoetan, eta indarrarekin bukatu nuen, oso sentsazio onekin».

 

«Orain dela bi-hiru urte, ez nuen imajinatzen maila honetara iristea»

Goizuetarrak azaldu du, «urtetik urtera» nabaritu duela «salto bat», azkeneko bi-hiru urteotan. «Ustez, berdintsu jarraitzen dut entrenatzen eta dena egiten, baina hobera egin dut. Egia da entrenatzen dudala, noski, ez naiz geldirik egoten; baina aurten ez naiz ezer berezirik egiten ari, eta aldiz, aurten eman dut saltorik haundiena. Beste maila batean ikusten naiz, eta beste maila batekoak dira emaitzak». Zentzu horretan onartu du, duela bi urte ez zuela «imajinatzen» maila horretara iristea: «orduan dagoeneko oso gustora ibiltzen nintzen, eta emaitza onak ziren niretzat. Eta ezer berezirik egin gabe emaitza hauek lortzea... Ni ere harrituta nago».

«Herrikoek esan didate, Goizutrail irabazi edo podiuma egingo ote dudan... Nik ere badaukat ilusio hori, berezia izango litzateke, baina beti da zaila»

Bere mailak, dagoeneko ez ditu sorpresaz harrapatuko gainerako korrikalariak: «orain arte ez ninduten ezagutzen, au­­rre­an dabiltzanek; eta orain be­har­ba­da ezagutu eta kontutan hartzen naute», dio berak.

Aurten eman duen «salto» horrek sekreturik badu, behintzat, ez dio Kronikari kontatu: «ez ditut aldatu entrenamenduak, ezta elikadura ere. Aspalditik jaten dut nahiko garbi, dieta berezirik gabe baina denetik. Eta asteburuetan, beti tokatzen da afariren bat etxetik kanpo, lagunekin eta. Hori ere ez dut uste aldatuko denik; gustukoa dut, eta horrekin jarraitu nahi dut», onartu du. Aldatu duen ba­karra da, aurten masajistaren­gana joaten hasi dela: «horrek beharbada laguntzen dit, karre­ratik karrerara eta entrenamen­dutik entrenamendura ho­beto errekuperatzen».

 

«Goizutrail izan nuen aurreneko mendi lasterketa, antolatzen hasi zenean»

Goizueta mendi lasterketetan murgildu zenean, ekin zion Hodei Lujanbiok berak ere, 2014an. «Urte hartan antolatu zen Goizutrail aurrenekoz, eta esango nuke, ordura arte ez nekiela mendi lasterketak bazeudenik ere. Aurretik beti egin izan dut kirola, eta mendia ere gustuko nuen; mendi bueltak egiten nituen oinez, tarteka. Beraz, herrian lasterketa bat antolatuta, lagunartean bi-hiru hilabetez entrenatu, eta animatu egin ginen». Halaxe egin zuen hurrengo urtean ere, eta bigarren batekin ere animatu zen, Oiartzun­go Intxixu Trailen, bikotearen herrian: «gustatu zitzaidan mendian korrika egitearena, eta pixkanaka gehiago ibiltzen hasi eta engantxatu egin nintzen».

Ordura arte, areto futbolean aritzen zen: «zortzi bat urte egin genituen Umore Ona taldearekin, Gipuzkoako Ligan. Ez ginen oso maila oneko jokalariak eta taldea, baina giro ona genuen, eta ondo pasatzen genuen».

Zazpigarren edizioa izango du Goizutrailek aurten, eta denetan hartu du parte Lujanbiok: «urteko helburuetako bat izaten da. Herriko lasterketa da, berezia. Joan den urtean, Leitzako Mendi Erronka hartu nuen helburu, eta astebeteko aldearekin ziren. Horregatik, printzipioz lasai hartu behar nuen Goizutrail, baina azkenean, herrikoa izanda, dena eman nuen. Gero, ahal bezala errekuperatu nintzen Lei­tzarako, eta azkenean ondo atera ziren biak». Sorpresa hartu zuen Mendi Erronkan: «67 kilometro dira, eta erokeria bezala ikusten nuen, baina probatzea erabaki nuen, eta gustatu zitzai­dan. Ez nekien nola aguantatuko nuen, baina pixka bat neurtzen hasi, eta uste baino askoz ere hobeto bukatu nuen».

 

Goizutrailen irabazi edo podiuma lortzea, «ilusioa»

Bi lasterketa horiek izango ditu helburu nagusi, aurten ere: Goizutrail eta Euskal Herriko Mendi Erronka. «Emaitzak ikusita, herrikoak hasi zaizki esaten, kalean topatuta, aurten Goizutrail irabazi edo podiuma egingo ote dudan. Beti da zaila, baina saiatu egingo naiz behintzat. Nik ere badaukat ilusio hori, berezia izango litzateke».

Ordura arte, baina, ez da gel­dirik egongo. «Bi astetik behin egiten ditut lasterketak, gutxi gorabehera». Eta datozen hila­be­­teotan, badauzka batzuk, bertan behera geratzen ez badira behintzat: Berako Mendi Maratoi Erdia (21 kilometro); Na­farroa Xtrem, Zubirin (35 kilometro)... «Baina maiatzetik aurrera izango dira helburu nagusiak», aurreratu du.

«Askotan joan izan naiz Oiartzundik Goizuetara, menditik korrika. Larunbat goizean joan, arratsaldea herrian pasa, eta igande goizean bueltatu»

 

Goizutrailen, beste hainbat goizuetar ere ariko dira korrika: «gehienek Goizutrail egiten dute eta kitto, baina beste pare batek Leitzako Mendi Erronka ere egiten dute. Goizuetan leku faltarik ez daukagu behintzat, mendi bueltak egiteko!».

 

Oiartzundik Goizuetara asteburupasa, korrika

Oiartzunen bizi da Hodei Lujan­bio orain, eta Aiako Harrien in­guruan aritzen da gehien en­tre­natzen. Hain justu, Aiako Harria Parke Naturalak lotzen ditu Oiar­tzun eta Goizueta, eta bidea ondo daki berak: «askotan egin dut bi herrien arteko bidea. Bide motzenetik 20 kilometro in­­guru dira, baina bukaeran 5-6 kilometro dira asfaltoan, eta nahiko luze egiten da. Arti­ku­­­tza­tik barrena badaude bide poli­­ta­­goak, luzexeagoak. Aukera des­berdinak daude. Egin izan dut, larunbat goizean Oiar­tzun­dik Goizuetara menditik korri­ka joan, arratsaldea herrian pasa, eta igande goizean buelta berdin. Kotxean baino dezente la­bu­rra­goa da, eta ez da askoz ere denbora gehiago behar!».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!