Sokatira

«Taldekideen arteko sinkronia berezi bat sortzen da, elkar babesten ari garenaren sentsazioa oso polita da»

Kronika - Erredakzioa 2020ko mar. 7a, 00:00
Antsoain taldea, Irlandako Sokatirako Munduko Txapelketan.

Lucia Etxeberria goizuetarra lehen aldiz izan zen otsailean Irlandan jokatutako Sokatirako Munduko Txapelketan, eta minoritarioa den kirol honen barreneko pasarteak kontatu dizkigu. 

Otsailean ospatu zen Sokatirako Munduko Txapelketa, Irlandan, eta bertan izan zen Lucia Etxeberria goizuetarra, Antsoain tal­deko kide gisa. Arabako Badaiotz izan zen emakumezkoen taldekako munduko txapelduna, 500 eta 540 kilotan, eta Etxeberriak dio, «euskal emakumezkoak, oso maila ona erakutsi dute mundialean» Antsoainek ez zuen garaipena lortu baina, hala ere, «guk nahiz eta ez dominik irabazi, oso pozik gaude egindako lanarekin».
Euskal Herriak, ordezkaritza zabala duela aipatu du Etxeberria sokatira tiralariak, «10 euskal talde izan gara bertan». Nazio mailan, ez da urrerik lortu, baina Luziak dio, Euskal Herria izan dela Holandarekin batera, domina gehien lortu dituen herrialdea. 

Sokatirak, «badu zeozer berezia»

Goizuetako sokatira tiralariak dio, kirol honek «zeozer berezia» duela. Taldekideen artean, oso harreman berezi eta politak daudela ere gaineratu du, «gazteak gara denak, euskaldunak, eta kirol mistoa denez, neskak eta mutilak denok batera entrenatzen dugu». 
Duela gutxi sortutako taldea izan da Antsoain, orain dela 3 urte hain zuzen, eta taldeko kideek, argi daukate, asko dutela oraindik hobetzeko, «bide horretan denon artean aurrerapausoak ematen ari garela ikusteak talde bezela estutzen gaitu».

Sokatira, taldekako tira 

Taldekako kirola da sokatira, ti­ralarien koordinazioan eta bloke gisa jardutean dago gakoa hain zuzen, eta Luciak dio, tiralariak ez duela inoiz bakarrik tiratzen, «tiralari guztien baturak ematen dio indarra taldeari, beraz, maila altuan egoteko, garrantzi handia du talde guztiak elkarrekin entrenatzeak eta or­du asko eskaintzeak». 

Luciaren lehen aldia izan da Munduko Txapelketan parte hartu duena, eta azpimarratu du «ikaragarrizko esperientzia izan da, maila pertsonalean baita talde mailan ere». Beste taldeez asko ikasi omen dute, eta Irlanda ezagutzeko astia ere ez zaie falta izan. «Gainera, ohiartzun haundirik ez duen kirola izatera ohitu garela esan daiteke, eta han, mundu osoko 90 taldetik gora ikusteak, indar haundia ematen du, kirol honekin jarraitzeko». 
Otsaileko Munduko Txapelketara joan aurretik, astean 3 entrenamendu egin zituzten goma gainean, eta Etxeberriak dio «normalean bi egiten ditugu, eta gutxienez bat fisikoa. Polea batean entrenatzen dugu, pisu eta intentsitate desberdinekin».


Txina Taipei, selekzioarekin garaile

Klubetan jokatzen, Txina Taipei ez da garaile izan, aldiz selekzioarekin bai, eta Etxeberriak argitu du, «oso oso ongi prestatuak» daudela. Aldiz, euskal taldeak, «hobeto prestatu ginen taldeka aritzeko eta nazioko txapelketa azken bi egunetan izatearekin batera, tiralarien nekea eta ondorea handiagoa zen».

«Mistoa, gehien disfrutatu dugun modalitatea» 

Talde mistoan  disfrutatu dutela gehien adierazi du goizuetar tiralariak, «taldeen maila dexente aldatu daiteke mistoan eta horrek tirada gehiago irabazteko aukerak eman dizkigu guri». 

Gainera Etxeberriak dio, Euskal Herriko txapelketan ikusi dela, emakumezkoak oso maila onean daudela, bera barne, eta mundialean, «gizonezkoak ez bezala, podium guztietan egon gara». Sokatiran, orokorrean gizonezko talde gehiago daude emakumezkoenak baino, eta «epaile eta entrenatzaile lanetan gizonak gailentzen dira». Hala ere, ez dira asko emakumezkoak eta gizonezkoak elkarrekin entrenatu eta lehiatzen diren kirolak eta sokatirak, «generoa alde batera utziz, denak elkarrekin aritzea bermatzen dugu» azpimarratu nahi izan du. 
Antsoaingo kasuan, erdiak baino gehiago dira neskak, «baita taldea sortu zuena, eta entrenatzaile papera duena ere!». Hobetzeko asko daukatela aipatu du,  baina argi dauka, eta taldekideek ere, bide onetik doazela. 

Sokatira, Lucia Etxeberriarentzat

Duela urte bete hasi zen Etxeberria soka, indar eta teknika mundu honetan, «niretzat deskubrimentu bat izan da, talde baten parte zara, inoiz ez duzu zuk bakarrik eramango aurkaria eta horrek taldekideen arteko sinkronia berezi bat sortzen du, uneoro elkar babesten ari garenaren sentsazio polita da».  Gainera, Luciak dio, hasieran taldean sortu zen giro onak harritu zuela. Eta aipatu du, urtean behin edo bitan, euskal talde guztiak, afari baten bueltan elkartzen direla. 

Luciak argi dauka etorkizuenan sokatiran jarraitu nahi duela, oraingoz Antsoainen, «garai batean Goizuetan ere bazen sokatira taldea, eta niretzat amets bat izango litzateke noizbait berriro Goizuetako sokatira talde bat sortzea»

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!