Erakusketa parte-hartzailea, emakumeen inguruan

Kronika - Erredakzioa 2020ko ots. 29a, 00:00

Martxoaren 16ra arte, emakume* hitzarekin lotutako edozein motako lanak aurkeztu daitezke, erakusketarako.

Erakusketa parte-hartzailea jarri dute martxan Leitzaldeko eta Goizuetako mugimendu feministek, elkarlanean. Zer da zuretzat emakumea*? galderari erantzuten dioten lanak aurkeztu ditzake parte hartu nahi duen edonork.

 

Lanak, mota guztietakoak

Jarriko den erakusketa parte-hartzailea izatea nahi denez, edonork aurkeztu ditzake erakusketa hori osatzeko lanak. Lan horiek, gainera, edozein motakoak izan daitezke: helburua da emakume* hitzak burura ekartzen duen hori nahi den diziplina artistiko erabilita azaltzea: bertso, ilustrazio, poesia, argazki, collage... edo beste edozein motako lanen bidez, hain zuzen.

Hauek, martxoaren 16ra arte entregatu ahal izanen dira, ondorengo tokietan: Goizuetako kafetegi edo estankoan, Leitzako Torrean edo sastrakak@gmail.com helbide elektronikoan.

 

Ondoren, erakusketa

Jasotako lanekin bi erakusketa jartzea aurreikusten da. Bata, Goizuetan, martxoaren 23tik 29ra bitartean, labaderoan.

Harekin bukatuta, lanak Leitzara eramanen dira, eta erakusketa ikusi ahal izanen da martxoaren 30etik apirilaren 5era bitartean, Atekabeltzen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!