Istripua

Mendizale bat erreskatatu zuten Mandoegin, Goizuetako suhiltzaileek

Kronika - Erredakzioa 2020ko ots. 18a, 00:00
Goizuetako eta Cordovillako suhiltzaileak, zauritua kamillan eramaten, Mandoegin. Argazkia: Nafarroako Suhiltzaileak

Txorkatila hautsita zuela, kamillan eraman behar izan zuten 60 urteko gizona herenegun, suhiltzaileek eta Cordovillako erreskate taldeak.

Mendizale bat erreskatatu behar izan zuten igandean, Mandoegi mendian. Txorkatila hautsi zuen 60 urteko gizonak, eta berarekin zeudenek, 112 telefono zenbakira deitu zuten. Horrela, bertara azaldu ziren Goizuetako suhiltzaile boluntarioak, eta Cordovillako suhiltzaile parketik etorritako erreskate taldeko kideak, deiari erantzunez.

Haize indartsu eta zakarrak, ordea, nabarmen zaildu zuen erreskatea. Ibilgailurik sartu ezin den pista batean erori zen gizona, eta helikopteroarekin eraman nahi zuten zauritua, anbulantzia zegoen tokiraino. Baina haizearen eraginez, kamilla baten gainean hartu be­har izan zuten mendizalea, eta mendian behera eraman, suhiltzaileek eta erreskate taldekoek. Ondoren, anbulantzian sartu, eta Donostiako Ospitalera eraman zuten.

 

Orain lau hilabete, antzeko istripu bat izan zen, Mandoegin bertan. Estropozu egin eta erorita, tibia eta peronea hautsi zituen 63 urteko emakume batek, eta Nafarroako suhiltzaileek erreskatatu zuten orduan ere, Goizuetako suhiltzaileak tartean zirela. Egun hartan, baina, helikopteroan atera ahal izan zuten zauritua, eta airetik eraman zuten Iruñeara, Nafarroako Ospitalera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!