Goizuetako eta inguruko historiari beste errepaso bat eginen diote gaurkoan, eta burdinolak izanen dituzte hizpide, hain zuzen ere. Hitzaldia eskainiko dute Joxe Jabier Etxeberriak eta Antton Mari Mitxelenak, Goizueta eta inguruko burdinolei buruz. Arratsaldeko 18:30etan izanen da, udaletxeko ganbaran.
Zehazki, herrian bertan eta zortzi bat kilometroko ingurunean dauden edo egon diren burdinolen berri emanen dute; dokumentuetan azaltzen diren 26 burdinolak, hain justu. Horiei buruzko azalpenak, datu, krokis, plano zein maketetan oinarrituko dituzte.
Burdinolen historia ez ezik, itxura eta egitura ere bai
«Aurkezpen historiko bat eginen dut nik, batez ere zentratuta garraioan eta Goizuetatik kanporako bide eta galtzadetan. Eta irudi batzuk ikusiko ditugu, geratzen diren arrastoenak eta inguruko mendietan ikusi daitezkeen meatzeenak», aurreratu du Joxe Jabier Etxeberriak.
Bideo proiekzio bat jarriko dute ondoren, burdinoletako lanak nolakoak ziren irudikatzeko. Eta azkenik, Antton Mari Mitxelenak azalduko du, nolakoak ziren Goizuetako olak eta presak, nolako itxura eta egitura zuten... «Antton Mari aspalditik aritu da datuak biltzen eta olen arrastoak neurtzen, eta lan asko egin du artxiboetan, kontratuak aztertzen. Bereziki aztertu du olen itxura eta egitura, eta lortu du horiek marraztea, nolakoak ziren gutxi gorabehera», nabarmendu du Etxeberriak.
Horrekin guztiarekin, hiru dimentsiotako maketak ere osatu ditu Mitxelenak, Goizuetako eta inguruko olak irudikatzen dituztenak.