Gainean dute goizuetarrek, urteko zita nagusienetako bat, herrian. Bihar zortzi, datorren igandean, hasiko dira Inauteriak Goizuetan; eta ohi bezala, etenik gabeko festa protagonista dela, lau egunez ospatuko dituzte: otsailaren 23tik 25era izanen dira, eta hilaren 29an eginen dute Kontuen Eguna.
Ohi bezala, gaztetxoena izanen da Inauterietako aurreneko Zahagi Dantza, igande arratsaldean; eta horrek emanen dio hasiera festari. Makilkadak jaso eta herritarren aurpegiak beltzez zikindu ondoren, zahagiek trikitilariei utziko diete protagonismoa, eta Leire eta Maria ariko dira kaleak alaitzen, Mozorroen afarira bitarte.
Zirkoa, astelehenerako gaia
Eta otsaileko azkeneko astearekin etorriko dira, Inauterietako egun nagusiak. Bete-betea prestatu dute astelehena, beste urte batez; eta jakinarazi dute mozorroetarako gaia ere. Zirkoko pertsonaiak izanen dira goizuetarrak, egun batez: trapezistak, malabaristak, pailazoak...
Goizean goiz hasiko dute baserrietara bisita Mozorroek, eta hortik aurrera, denetik izanen da herrian: hamaiketakoa, konpartsaren kale buelta, haurren zein helduek bazkariak, tailerrak, txokolatada... Iluntzean iritsiko dira herrira Mozorroak.
Eta asteartekoa, ez da gutxiago izanen. Gosaldu ondoren, herriko kaleetan dantzari ariko dira Mozorroak, eta bazkalostean, Zahagi Dantza izanen da herritarrak bilduko dituena, Motzanen hasita. DJ Txokoren musikak eta Mozorroen afariak emanen diete bukaera Inauteriei, kontuak egin aurretik.