ESKU PILOTA

Lau partidu gaur frontoian, Umore Ona Pilota Txapelketako finaletan

Kronika - Erredakzioa 2020ko urt. 18a, 00:00
Lau finalak gaur jokatuko dira; mailako bana.

Arratsaldeko 17:00etan hasita jokatuko dira ume, kimu, haur eta 22 urtez azpikoen mailetako finalak, Goizuetako frontoian.

Iritsi da bukaerara, azaroan ha­si­tako esku pilota txapelketa, Goi­zuetako Umore Ona Pilota El­kartearen Txapelketa, hain zu­zen. Denera, 12 taldek hartu du­te parte, lau mailatan, Goi­zu­etakoaz gain: Hernanik, Añor­gak, Oreretak, Oiartzunek, Az­­peitiak, Andoainek, Leitzak, Bor­tzi­riakek, Lekunberri, Irur­tzu­nek, Ber­garak eta Errekak.

Horietatik, Oiartzungo Oiar­pe eta Umore Ona iritsi dira fi­na­le­tara. Gaur, arratsaldeko 17:00etan hasita jokatuko dira, herriko frontoian. Orain arte bezala, herriko eta inguruko zaleek harmailak betetzea espero da.

Partidu bana gaur, maila bakoitzeko

Txapelketa osoan zehar lau mailatan banatuta jokatu dute pilotariek: umeetan, kimuetan, haurretan eta 22 urtez azpikoetan. Gaurko partiduetan, maila bakoitzeko finala izanen da jokoan.

Jokatzen aurrenekoak gaztetxoenak izanen dira: umeen mailakoak. Kasu honetan, ez da bi kluben arteko lehiarik izanen, bi finalistak Umore Onakoak baitira. Horrela, J. Larin eta M. Garmendiak osatutako bikoteak A. Legarreta eta J. Alsuak osatutakoari eginen dio aurre.

Segidan jokatuko da kimuen mailako finala. Kasu honetan bai, finalera iritsi diren bi taldeak ariko dira aurrez aurre. Gorriz, Oiarpeko U. Sanzberro eta U. Zelaiaran ariko dira, eta urdinez, X. Apezetxea eta S. Salaberria goizuetarrak.

Gauza bera gertatu da haurren mailan ere. Hirugarren finalean elkarren kontra ariko dira berriro, Oiartzungo Oiarpe eta Goizuetako Umore Ona. M. Olaiz eta M. Leonetek osatuko dute oiartzuarren bikotea, eta O. Legarretak eta E. Elizegik goizuetarrena.

Azken partidua, 22  urtez azpikoena izanen da. Kasu honetan ere, Oiarpe eta Umore Onaren artekoa izanen da. Baina Umore Onako A. Apezetxeak A. Zabala amezketarra izanen du bikote. Aurrez aurre Ugalde eta Iñarra oiartzuarrak izanen dituzte. Maila politean aritu dira guztiak eta halakoa espero da gaur ere. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!