Epea zabaldu du Goizuetako Umore Ona elkarteak, bazkide berriak apuntatzeko. Otsailaren 8ra arte izanen du aukera, bazkide izan nahi duenak, eskaera egiteko, elkartean bertan.
Horretarako, bazkide berri bakoitzak, dagoeneko Umore Onako bazkide diren bi lagunen babesa beharko du.
Behin eskaerak jasota, urteko batzarrean erabakiko dute Umore Onako bazkideek, oniritzia emanen ote dieten aurkeztu direnei. Horretarako, batzarrera bertaratutako bazkideen bi herenek eman beharko dute baiezkoa. Dena den, aho batez onartu izan dira bazkide berriak beti, Umore Onatik azaldu dutenez.Martxoaren 7an eginen dute aurten, urteko batzarra.
Une honetan, 244 bazkide ditu Umore Ona elkarteak.
25 urtetik gorakoek 510 euro, eta gazteagoek 300 euro
Bazkide berri izan nahi dutenentzat, sarrerako baldintza ekonomikoak zein diren ere jakinarazi dute. 25 urte edo gehiago dituztenek, 510 euro ordaindu beharko dituzte; edo 70 euroko aurreneko kuota bat, eta 40 euroko 11 kuota. 25 urtetik beherakoentzat, aldiz, 300 euro dira, edo 25 euroko 12 kuota.