Basogintza

Gerezia, haritza, pinua eta zedroa landatuko dira

Kronika - Erredakzioa 2020ko urt. 4a, 00:00

Guztira, 24,49 hektareatan eginen dira prestaketa lanak, Basakaundi parajean, udaberrian zuhaitzak landatu ahal izateko. 

Berdabio basogintza S.L. enpresako langileak hasiak dira Basakaundi parajea prestatzen, udaberri aldera hainbat espezietako zuhaitzak landatzeko. Hala jakinarazi du Udalak. Bertako haritza, gerezia, zedro japoniarra, atlas zedroa eta taeda pinua landatuko dira.­

Banda marroiari erantzuna

Udaleko webgunean eskuragarri jarri den birlandaketa proiektuan zehazten denaren arabera, Basakaundiko parajea kokatuta dago Altueta mendi inguruaren hego-mendebaldean hasi, eta ipar-mendebaldera hartuta, Deskantsuko Bizkarra, Gaztaotz eta Aritzbakarreko kasko aldera. Ikatzaldeko erreka aldera jaisten den ibar meharrak osatzen du Basakaundi.

Denera, 26,32 hektarea dauzka, baina sakarako bideak edota gehiegizko malda dutelako birlandaketarako aproposak ez diren lurrak kenduta, 24,49 hektarea geratzen dira birlandaketarako, eta horietxek erabiliko dira, hain zuzuen, planean zehaztutakoaren arabera.

Goizuetako lur komunalak 2.221 hektarea zuhaitz dauzka. Horietatik 886 hektarea, zuhaitz exotikoenak dira. Landatutako lurraren %40 da hori, baina «azken 20 urtetan ia 7 milioi eta erdi euroko irabazi ekonomikoak sortu ditu baso-produktuen salmentari esker». Baina «txankro erretxinduaren eta banda marroia gaixotasunaren ondorioz, garrantzitsua bihurtu da epe laburrean lurralde horietan birlandaketak egitea». 

Birlandaketa hauek, noski, Mendiko Foru Legeak (13/1990) zehaztutakoaren arabera diseinatu behar dira, eta %25 bertako espezie hosto-zabalak hartu behar du. «Horrela diseinatu da Basakaundiko birlandaketa, ubide nagusiaren ondoko bazterreko guneak edota hegoaldeko muturrekoak kenduta».

Zuhaitz Egunak, etorkizunena

Beste gune bat ere gorde da, planak zehaztutakoaren ara­be­ra, «Goizuetako Udalak datozen ur­teetan eskolako haurrekin sustatu nahi dituen Zuhaitz Egunetarako». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!