Urteari agur esaten hasteko, zineaz gozatzeko aukera izanen dute bihar, Goizuetako txikienek. Izan ere, Supertramps pelikula jarriko dute Xalto eskolako jangelan, arratsaldeko 18:00etan hasita, euskeraz; eta doakoa izanen da sarrera.
Marrazki bizidunetako filma da Supertramps, Irusoin, Dibulitoon Studio eta Barton Filmsek ekoiztutakoa, EiTBren partehartzearekin, 2004 urtean. Eta urte horretan, Goya Sarietan hautagai izan zen, marrazki bizidunetako film onenaren saria jasotzeko.
Uso, labezomorro, arratoi eta katu bana, protagonista
Animaliak eta intsektuak dira protagonista, Supertramps pelikulan. Eta zehazki, laukote bitxi baten abenturak ezagutu eta bizituko dituzte haurrek: Paulov, Europa ekialdeko arratoi bat; Chung-I-Fly, Asiako uso bat; Ramon, Karibeko labezomorro bat; eta Tano, arkakusoz jositako katu beltza. Tano gidari dutela, behartsu talde xelebrea osatzen dute lauek. Etorkinak dira gehienak eta etxegabeak guztiak. Beraien izaera dela eta, miserian bizi dira, baina egoera horretatik ateratzea dute amets.
Norarekin eginen dute topo orduan, Gabonetako gau hotz batean; eta ametsa errealitate bihurtzeko aukera ikusiko dute. Goi-mailako auzoetan bizi den kateme pertxenta bezain harroputza da Nora, eta ezbehar bat tarteko, galdu egin da. Lau protagonistek jakinen dute, bera etxera onik eramanez gero, sari ederra eskuratuko dutela, eta hori dela beraien miseriatik alde egiteko aukera. Bide horretan, ordea, oztoporik ere topatuko dute, hirian baitabiltza Pitbull txakur gaizto bezain haundiak. Eta gainera, Norak dagoeneko ez du bere jabeekin bueltatu nahi, kaleko bizimoduak erakarrita. Nola lortu bere etxera bueltatzea? Misio zentzugabe bat asmatuko du Tanok, Nora konbentzitzeko, asmoa bera etxera bueltatzea dela jakin gabe.
Jose Mari Goenagak eta Iñigo Berasategik zuzendua, 70 minutuko iraupena dauka filmak.