LITERATURA

Hirugarren saria Arozenak berriro, nafar egile berrien artean

Kronika - Erredakzioa 2019ko abe. 28a, 00:00

Arozenak ezin izan zuen sari banaketa ekitaldira joan, astelehenean.

Iruñeko Udalak antolatzen duen Nafar Egile Berrien Literatur Lehiaketan jaso du saria Esteban Arozena goizuetarrak. Bertso idatzien atalean hirugarren egin du, Garai beltzen kronika arrosa izenburudun bertso sortarekin.

Atal horretan, aurreneko saria Eneko Fernandezek lortu du, Belaunaldi galdua lanarekin, eta bigarrena, Joanes Illarregik, 5 euro lanarekin. Gauzak horrela, iaz bezala geratu da bertso-paperen ataleko sariketa.

Narrazio laburren atalari dagokionez, Haritz Larraguetak irabazi du, Pertseoren alabak ipuinarekin; bigarren, Saioa Alkaiza izan da Erabaki bat lanarekin; eta hirugarren, Sarai Robles, Hitz Gordeak obrarekin.

Poesiaren atalean, azkenik, Iban Garro, Nerea Balda eta berriro, Sarai Robles izan dira sarituak, Geroxeago itzuliko naiz, Asmo dekalogoa eta Euriaren kolorea lanengatik, hurrenez hurren. 

Aipamen bereziak ere egin dira XXIX. Literatura Lehiaketa honetan: narrazio laburren atalean, Jose Aldasoro eta Maddi Ane Txoperenak jaso dute aipamena, eta poesian, Ainhoa Anduezak.

«Haurtzarotik nerabezarorako oroitzapenetan oinarrituta»

Arozenak 36 bertsok osatutako sorta aurkeztu du sariketara. «Haurtzarotik nerabezarorako oroitzapenetan, nireetan eta familiakoenean oinarrituta idatzi dut. Errealitatean oinarritutako istorioa kontatzen da, dena erreala ez bada ere», azaldu du.

«50eko hamarkada bukaeran jaiotako bertsolari baten istorioa kontatzen da, galdutako bizimodu bati buruzkoa, galtzear dagoen kontatzeko moduan».   

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!