Amatxiren istorio magikoak gitarra hots goxoz lagunduta, abenduko ekintzak bukatzen hasteko

Kronika - Erredakzioa 2019ko abe. 27a, 00:00

Amaia Elizagoienek kontatutako istorioak lagunduko ditu Irati Celestinok gitarraz.

Eskolako jangelan ariko dira gaur, arratsaldeko 17:00etan hasita, Amaia Elizagoien eta Irati Celestino.

Ipuin-kontaketa saio berezia emanen dute gaur Amaia Elizagoien eta Irati Celestinok. Arratsaldeko 17:00etatik aurrera eginen dute emanaldia: Amonaren istorioak ipuinak kontatuko ditu Elizagoienek, eta Celestinok  gitarraz lagunduko dio.

 

Amonarekin topo egin arteko bidaia

Kontaketa saioko ardatz izanen dira amonak, amatxik, bisitatzen dituen herrietatik bidaltzen dituen gutunak. Egun batean, ordea, gutunak jasotzeari utziko diote bilobek, eta horrexegatik, gitarra hartu eta bidaiatzeari ekinen diote.

Bidaia horietan laguntzeko gonbitea luzatuko diete entzuleei, amonarekin topo egin arte. Hori izanen baitute aitzaki, herriz herri ibiltzeko.

 

Pelikula eta musa, bukatzeko

Abenduko kultur agenda osatzeko, beste emanaldi batekin gozatzeko aukera izanen da oraindik. Hilaren 30ean, datorren astelehenean, SuperTramp filma ikusi ahal izanen da, arratsaldeko 18:00etan hasita, jangelan. Umeei zuzendutako saioa izanen da.

Urteko azken ekitaldia antolatu duena, bestalde, Umore Ona elkartea izan da. Mus Txapelketa azkarra antolatu du urtarrilaren 31 arratsalderako: 16:00etan hasita jokatuko da Umore Ona elkartean bertan, eta herritar nahiz kanpokoei irekitakoa izanen dela gogorarazi dute, gonbidapena bailara osoari zabalduz.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!