Urtea bukatu aurretik, ohiko bi hitzordu izanen ditu oraindik, Umore Ona elkarteak. Bihar bertan eginen dute aurrenekoa, elkarteko bazkideen bazkaria, Umore Onan bertan. Eguerdiko 14:30etan hasita, menua zein izanen duten ere jakinarazi dute: zizka-mizkak, valentziar erara egindako paella, postrea, kafea eta kopa.
Bertan bazkaldu nahi zuten bazkideek, hala ere, aldez aurretik eman behar zuten izena, elkartean bertan edo Amaia kafetegian, 5 euroan.
Mus txapelketa, hilaren 31n
Eta bigarren hitzordua, urteko azkeneko egunerako jarri dute, abenduaren 31rako. Mus txapelketa jokatuko dute 35garrenez, arratsaldeko 16:00etan hasita, Umore Ona elkartean.
Parte hartu nahi duten guztiei irekia izanen da txapelketa, eta joan den urtean, bikoiztu egin zen bikote kopurua; 22 izan ziren guztira. Sari potoloagoak ere izan ziren iaz, eta aurten bide beretik jarraituko dute: 100 euro eta opariak irabazleentzat, 50 euro eta opariak bigarren sailkatuentzat, eta opariak hirugarren eta laugarren sailkatutako bikoteentzat.