Uema

‘Arnasa Gara’ euskerarentzat, Goizuetako herrian ere

Kronika - Erredakzioa 2019ko aza. 9a, 00:00
Iraila bukaeran Azpeitian aurkeztu zuten kanpaina, herriz herri abiatzeko.

Hilaren 23an aurkeztuko dute Goizuetan ‘Arnasa Gara’ kanpaina, euskerarentzako arnasgune diren herriak eredu hartzeko.

Hizkuntza baten biziraupenerako eta biziberritzeko ezinbestekoak dira arnasguneak, Jo­shua Fishman soziolinguistak Reversing Language Shift (1991) liburuan zehaztutakoaren arabera, eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea (UEMA) la­ne­an aritu da azken urteetan eus­keraren arnasguneak ezagutu eta zaintzen. Hain zuzen, 2018an Jaurlaritzarekin eta Nafarroako Gobernuarekin ba­tean arnas­guneak ezagutzeko ikerketa egin zuen, eta orain, Aranasa Gara kanpaina jarri du martxan, herriz herri.

Goizuetara hilaren 23an iritsiko dira. Helburua da ar­nasguneek euskerarentzat eta Euskal Herriarentzat duten garrantzia nabarmentzea, eta arnasgune diren herrietako biztanleak «ahalduntzea, ai­tor­tza eta kontzientziazioa in­dar­tzea, jabetu daitezen gune horiek euskararen indarberri­tzean duten garrantziaz».

Hiru Damatxo ekoiztetxeak ekoitzitako ‘Kartzela’ serie digitala ikusi ahal izanen da Goizuetan hilaren 23an, 19:00etan eskolako jangelan.

‘Kartzela’ serie digitala, eskolako jangelan

Kanpaina iraila bukaeran aurkeztu zuten Azpeitiako Sana­gus­tin kulturgunean UEMAk, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoa eta Bizkaiko Foru Aldundiek, eta Lekeitioko eta Aramaioko udalek, eta ordutik, herriz herri ibili dira. Aurreneko fase honetan, arnasgune diren herrietako biztanleei aitortza egin nahi zaie, «euskeraren normalkuntzan eredu» direla jabetu daitezen. Horretarako, Kartzela serie digitala sortu dute, Hiru Damatxo ekoiztetxearekin, eta Goizuetan hilaren 23an ikusi ahal izanen da, arratsaldeko 19:00etan, Xalto eskolako jangelan.

Zazpi kapituluk osatzen du­ten lana da Kartzela serie digitala, eta arnasguneei buruzko fikziozko lana izanen da. Pro­tagonistak BECen harrapatuta dauden sei lagun dira, denak, arnasguneetako herritarrak: Iratxe Urkiaga aktorea, Le­kei­tioko Mararen paperean; Sam­bou Diaby, Zumaiako Ibare­ne­an; Juanen Saralegi, Lesakako Juanenean; Erika Olaizola, Azpeitiako Iunerenean; Amaiur Epher, Donibane Garaziko Ekhi­renean; eta Ainhoa Etxe­ba­rria, Ondarroako Garaziren paperean. Pixkanaka topo eginen dute beraien artean, eta eraikinetik nola atera pentsa­tzen hasiko dira, eta hainbat galdera sortuko zaizkie.

Gidoia egiteko erabili dira arnasgune diren herrietan 2018ko ikerketa hartan egindako parte-hartze prozesutik ateratako ondorioak. Besteak beste, adinekoek gazteekiko dituzten aurreiritziak; euskera eta euskal kultura berezkoak dituelako baloratzen ez duen gaztea, jarrera kontzienteagoa dutenen aurrean; beste jatorri bateko herritarrekiko dauden aurreiritziak eta haiek integrazioan dituzten oztopoak; besteek euskeraz egiteko norberak daukan gaitasuna; euskalkia utzi eta euskera batua erabil­tzeko  joera, ulertuko ez dutelakoan; hitanoaren erabilera eta generoa...

Aurkezpen honetan serieko aurreneko bi kapituluak ikusi ahal izanen dira, aurkezle batek gidatutako saioan, eta ondoren, herritarrek aukera izanen dute ekarpenak egiteko. Ordu eta erdiko saioa izanen da.

 

Durangoko Azokan, aurkezpen publikoa

Arnasgune diren 22 herritan Kartzela serie digitala aurkeztu ondoren, kanpainaren bigarren faseari emanen zaio hasiera. Durangoko Azokan izanen da hori; ordutik aurrera, seriearen aurkezpen publikoa eginen da, eta abenduaren erdialdetik aurrera, Euskal Herri osoarentzat izanen da ikusgai.

Aurreneko fasean indarra arnasguneetako biztanleei a­i­tortza egitean jarri nahi den bezala, bigarren fase honetan Euskal Herriko gainerako euskaldunei zuzendu nahi zaie mezua, arnasguneak ezagutzera eman eta daukaten garran­tziaz jabetu daitezen.

 

250.000 biztanletik gora, lurgune euskalduna osatzen

Arnasa Gara arnasgune diren 22 herritan aurkezten ari dira orain. hala ere, gehiago dira UEMAk gaur egun biltzen dituen udalak; 86, zehazki. Guztien artean, 253.000 biztanle inguruko lurgune euskalduna osatzen da. Horrez gain, azpimarratu dute «kontuan hartu behar» direla «UEMAko kide ez diren gainontzeko arnasguneak, guztien artean osatzen baitute Euskal Herriko arnasguneen mapa». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!