Esku Pilota

Erdipurdiko hasiera eman diote pilotari goizuetarrek etxeko txapelketari

Kronika - Erredakzioa 2019ko aza. 5a, 00:00
Emaitza hobeak lortu ditu Umore Onak gaztetxoekin, txapelketa hasieran.

Kimuen mailan irabazi egin du Umore Onak, baina 22 urtez azpikoetan, galdu. Hernanik irabazi egin du kimuetan.

Igandean jokatu ziren Goizu­etako IV. Umore Ona Pilota Txapelketako aurreneko partiduak. Lau mailatan banatuta, 6 partidu jokatu ziren denera, eta tartean aritu ziren pilotari goizuetarrak eta baita hernaniarrak ere.

Emaitza onenak, gaztetxoek
Txapelketako aurreneko partiduak jokatu dituzten klubak 7 izan dira etxekoez gain, baina umeen mailan, haiek bakarrik aritu dira. Hain zuzen, Umore Onako bi bikoteren arteko le­hiak eman zion hasiera txapelketari. Narbarte eta Sagar­dui aritu ziren Legarreta eta Al­sua­ren kontra, eta joko polita eginda, aurrenekoek irabazi zuten, bi tantoko aldearekin: 18-16.

Hurrengo partiduak ki­muen mailan jokatu ziren, eta bertan, bai Goizueta eta bai Hernani, txapeldun izan ziren. Umore Onako Salaberria eta Apezetxea 18 eta 17 gailendu ziren Bortzirietako Azpiroz eta Kortaren aurka. Hernaniko Macicior eta Osesek, berriz, 18 eta 6 irabazi zuten Añorgako Aizpuru eta Cuestaren kontra.

Haurren mailan, Oiarpe eta Bortziriak aritu ziren aurrez aurre. Aurreneko klubeko Olaitz eta Leonet izan ziren txa­pel­dun, Etxenike eta Mada­ria­gari 18 eta 4 irabazita.

Irurtzun eta Oiarpe, nagusi
Nagusienen mailan ezin izan zion hasiera borobila eman txapelketari, etxeko taldeak. Aizkorbek eta Apezetxeak Oiarpeko Ugalde eta Etxeberria izan zituzten aurrez aurre, eta haiek irabazi zieten, 22 eta 17.

Maila honetako beste partidua Irurtzungo bikoteak irabazi zuen, Arribillagak eta Goikoetxeak osatua; 22 eta 14 irabazi zieten Getariako Aristi eta Ilunpeko Salegiri.

Hurrengo partiduak ostiraletan jokatuko dira, aste honetan bertan hasita. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!