Pasa da asteburua. Zer moduz sentitzen zara orain? Bizitakoa asimilatu duzu? Ongi, lasai nago orain. Orain-dik pixka bat geratzen zait, atzo arte ez bainuen asimilatu bizitakoa, baina lasaituta nago dagoeneko.
Debuteko partiduari distantzia gehixeagorekin begiratzeko tartea utzita, hasieran urduri xamar zinela esan daiteke? Aurreneko sakea egin eta errematea txapa behera joan zen... Hasieran pixka bat urduri nengoen eta nabariagoa zen. Baina behin izerditzen hasi nintzenetik aurrera, lasaitu eta ongi sentitu nintzen.
Partiduak aurrea egin ahala, konfiantza irabazi zenuen... Lehendabiziko tantoa egin nuenetik aurrera, lasaiago aritu nintzen. Horrez gain, Rezusta atzean edukitzea laguntza haundia da, eta konfiantza ematen du.
Aurrean zenuen areriroa ere ez zen makala. Gogorra egin zitzaizun? Uste dut ongi moldatu nintzela. Gogorra zen kontrarioa. Baina banekien aukerak izanen nituela eta horiek aprobetxatu behar nituela, eta horretan saiatu nintzen. Tiki-taka tiki-taka aritu behar izan genuen, eta hor ere, gustora.
Aipatu duzu Rezustak emandako laguntza. Horrek segurtasuna eman zizun? Beti ere, lehendabiziko partiduan horrelako atzelari bat izateak segurtasuna eta lasaitasuna ematen du. Ausartagoa izaten gehiago atrebitu nintzen, bera atzean zegoelako.
Hain zuzen, ausardia hori aipatu zenuen partidua bukatu bezala ere. Hori da zure indargunea? Nire jokoa da ausart jokatzea. Banekien aurreneko partiduan gozatu egin behar nuela, eta horrela gauza asko bakarrik ateratzen dira. Momentuan egin beharreko jokoa hori zen. Aurrerago ikusiko da.
«Behin izerditzen hasi nintzenetik aurrera, lasaitu eta ongi sentitu nintzen»
Aldatu daitekeela esan nahi duzu? Ausart jokatzeak arriskuak ere gehiago sortzea dakar... Afizionatuetan ere horrelaxe jokatu dut, eta horrek ekarri nau nagoen tokira. Hori da nire jokatzeko modua, eta ez dut aldatuko, ez nintzateke moldatuko. Badakit oraindik ikastekoak badauzkadala, eta hori ikusi zen, baina jokoa ez dut aldatuko.
Partidu bukaera aldera gehixeago kosta zitzaizun tantoak bukatzea. Nekearen eraginez, agian? Nerbioek berek, horrek eragindako tentsioak, gehiago nekatzea eragiten dute, eta agian bai, bukaerarako nekea pixka bat nabaritu zen. Baina gustora ari nintzen, eta behar bazen, segituko nuen pilotan. Lehendabiziko partidua izanda, tentsioa banuen, eta beraz, bukaerarako neke puntua bazen. Baina ongi sentitu nintzen partidu osoan zehar.
«Banekien aukerak izanen nituela eta horiek aprobetxatu behar nituela»
Hain zuzen, azken tantoa zerorrek egin zenuen. Horrek gozoagoa egiten du garaipena? Beti ere polita da zuk egindako tantoarekin bukatzea. Hasi ere, horrela hasi zen partidua, aurreneko tantoa nik fallatu nuen eta! Baina nik bukatuta, pozik.
Harmailetan zenuen babesak ere emanen zizun indarrik... Nabaritu nuen, bai! Goizetik bertatik jendea hasi zitzaidan telefono mugikorrera mezuak eta whatsappak bidaltzen. Babes haundia jaso nuen, bai kantxatik kanpo, eta baita gero, frontoian ere. Denentzako oso egun polita izan zen, eta niretzat eta nire familiarentzat, ahaztezina izanen den egun bat. Orain, lanean segi beharko dut pixka bat, pausoz pauso, ea pixkanaka aurrerapausoak ematen ditugun.
Herrian ere harrera ona jaso al duzu? Egia esan, ez dut denbora as-korik izan lasai egoteko. Ostiralean bertan afaria izan genuen Petritegin, eta hurrengo egunean, ezkontza izan nuen! Igande arratsaldean, berriz, Bilbora joan nintzen partidua ikustera. Gaur edo egun hauetan zehar aterako naiz herrira, eta seguru izanen dela zer edo zer esaten didanik.