Esku pilota

Joko ausarta eta garaipena Iker Salaberriak, debutean

Kronika - Erredakzioa 2019ko aza. 3a, 00:00
Iker Salaberria, txokoan pilota bat jaso eta dejadaz tantoa bukatzen, ostiralean. Argazkia: ASPE Pelota

13-22 nagusitu zen goizuetarra, Rezusta lagun. Bederatzi tanto bukatu zituen berak.

Gozoa izan du estreinaldia pro­­fesionaletan, borobila, Iker Salabe­rria goizuetarrak. 13-22 irabazi zuen debuteko partidua, ostiralean, Tolosako Beo­tibar frontoian. Rezustarekin nagusitu zen, Elezkano II eta Bikuñaren kontra.

Baina emaitza bakarrik ez, goizuetarrak era­kutsitako jo­ko ausarta izan zen nabarmen­tzekoa, ostiralean.

 

Hasierako urduritasuna, berehala uxatu

Urduritasun pixka bat izanen zuen hasieran, hala ere: au­rre­neko sakea egin, eta errematea txapa behera bota zuen; baita beste gantxo bat ere bai, hasierako tanto horietan.

Baina berehala uxatu zuen urduritasuna, eta ausart jokatu zuen, partidu osoan zehar. Erakustaldia eman zuen gainera, partiduaren aurreneko erdian. Tanto ederrak bukatu zituen, bereziki txokoan moztuta zein dejadaz ia segidan egindako lauzpabost. Eta horri esker, ihes egin zuten markagailuan, urdinek (2-8). Horrek konfiantza eman zion Salabe­rriari, eta jokoaren domina­tzaile izan zen, hainbatetan.

Lehia polita izan zuen au­rrean Elezkanorekin, zenbait tanto korapilatsutan, eta ba­tzuetan akatsak egin bazituen, besteetan tanto horiek ondo bukatzen asmatu ere bai, de­fentsan primerako lana egin ondoren. Rezusta atzean jaun eta jabe zela, tartea haundi­tzen jarraitu zuten, aurreneko atsedenaldira (4-12) zein bigarrenera (7-18) iristerako.

Bukaeran kosta zitzaion ge­hiago tantoak bukatzen goizuetarrari, Elezkano ere finago aritu zelako orduan. Baina hala ere, gantxoz lortu zuen ta­nto eder bat, aurrena, eta be­­rak eman zion bukaera partiduari, gero, txokoan erdi pa­re­ra gogor jotako pelota batekin.

Azkenean, bederatzi tanto eta sei akats egin zituen.

 

«Asko gozatu dut kantxan»

Partidua bukatu berritan, oso pozik azaldu zen Iker Salabe­rria: «asko gozatu dut kantxan, horrekin geratzen naiz. Egun ona izan dut, eta eguna daukazunean aprobetxatu egin behar da. Nire jokoa ausart aritzea da, hori zen gaur egin behar nuena, eta hala kokatu dut. Beñat atzean edukitzeak  konfiantza ematen du, aurrean sartzeko. Gaur pilota asko izan dut, baina badakit beste batzuetan lan gehiago egitea tokatuko zaidala».

Goizuetar askoren babesa izan zuen harmailetan, baita pankarta bat ere, Pausoz pauso ametsak egi bihurtuz, aupa Iker! Etengabeak izan ziren partidu osoan zehar, bere aldeko oihu eta animoak.

«Eskerrak eman behar dizkiet zaleei, emandako babesagatik. Oso polita izan da egu­na, goizetik hasita. Oso hasiera po­lita izan du bide honek, eta ea bide luzea den. Saiatuko gara gaurkoa bezalako egun asko izaten», nabarmendu zuen. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!