Goizuetan ohiturei eusten zaie urtetik urtera eta asteburu honetan aspaldian ospatzen den Jubilatuen Festa izanen da. 65 urtetik goitikoentzako antolatzen du Umore Ona elkarteak eta bi egunez izanen dute zerekin gozatua. 200 goizuetar dira guztira, 65 urtetik goitikoak; eta gonbidapen bana jaso dute etxean. Izena eman behar zuten aste honetako asteratera arte bazkarira joateko.
Gaur arratsaldean hasiko dira ekitaldiak, Truk eta Mus Txapelketak jokatuko dituzte, elkartean bertan, arratsaldeko 16:00etan hasita.
Eta bihar, egun osokoa izanen da plana. Aurrena, pilota partiduak jokatuko dira frontoian, 10:00etan hasita. Umore Ona Txapelketaren laugarren edizioko aurreneko partiduak izanen dira, hain justu. Ondoren, 11:00etan, 65 urtetik goitikoentzako meza izanen da elizan.
Eta handik elkartera mugituta borobilduko dute festa: bazkaria (arrain zopa, legatza, solomilloa, tarta txanpainarekin, kafea eta likoreak), eta Luix Elizegiren musika emanaldia, «aspertu arte».