Mendi lasterketak

Hodei Lujanbio nagusi Urdazubin, sailkapen orokorrean

Kronika - Erredakzioa 2019ko urr. 23a, 00:00

Hodei Lujanbio pozik, Urdazubin, kontrabandista lanak bukatu berritan.

Bi probatara jokatu zen Urdazubiko Kontrabandisten Lasterketa: 9,5 kilometro larunbat gauean, eta 22 kilometro igande goizean. Bietan izan zen bigarren goizuetarra, eta txapeldun, bien denborak batuta.

Podiumetik podiumera dabil Hodei Lujanbio goizuetarra, mendi lasterketetan; eta koxkarik altuenera igo zen igandean, Urdazubiko Kontrabandisten Lasterketan, sailkapen nagusia irabazita.

Bi probatara jokatu zen lasterketa. Larunbat gauean izan zen aurrenekoa, 9,5 kilometrokoa, 500 metroko desnibel positiboarekin. Jokin Arretxea bertizaranarra nagusitu zen (52:22), baina oso gertu iritsi zen Lujanbio, 33 segundura (52:55). Arantzako Asier Apezetxea izan zen hirugarren (53:13).

Ordu gutxira abiatu zen bigarren proba, luzeagoa: 22 kilometro eta 1200 metro positiboko ibilbidea osatu zuten larunbat goizean. Eta horretan ere, bigarren izan zen Lujanbio (1:55:26), Barañaingo Ander Ericeren atzetik (1:53:42). Haren herrikide bat, Aritz Arteta, izan zen hirugarren (2:00:33). Bi probetan egindako lan bikainak, garaipena eman zion goizuetarrari, sailkapen nagusian. Maria Loizu iruindarra nagusitu zen emakumezkoetan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!