Urik gabeko urtegi, orain laborategi

Kronika - Erredakzioa 2019ko mar. 16a, 00:00
Enobieta erreka agerian geratu da hustutako urtegiaren buztanean.

Enobietako urtegia hustutzen ari dira. Añarbekoa egin zenetik, alferrikakoa da, eta dagoneko ez ditu egungo arauak betetzen. Ingurune paregabean dago, gainera; Artikutzan. Ingurunea bere egoera  naturalera itzuli eta presa desagerrarazteak izango dituen ondorioak aztertzen ari da EHU, eta Donostiako Udalak Artikutza erosi zuela 100 urte betetzen diren honetan, monografiko bat egiten ari da Aranzadi.

Enobietako urtegiko presa gainean, Jon Zumeta basozaina eta Alberto Gosá herpetologoa.


Koadernoa, boligrafoa eta koordenadak neurtzeko gailua hartuta, hor ari da Alberto Gosá Aranzadiko herpetologoa, Ane Fernandez kidearekin batera eta Josu Zumeta basozainak lagunduta, Artikutzako anfibio eta narrastien bila. Urte sasoi honetan baso igel gorriaren arrautzak eta zapaburuak topatzea da ohikoena. 

Aurten betetzen dira 100 urte Donostiako Udalak lur hauek erosi zituela, eta urteurrenaren bueltan, Artikutzako fauna, flora eta ondare etnografikoaren inguruko monografiko bat osatzeko eskatu dio Aranzadiri. «Ezaguna eta ezezaguna da Artikutza, misterio­tsua» dio Zumetak. Misterio horrek erakarrita, agian, hara non azaltzen diren Goizueta aldetik datorren Elama errekari jarraiki bi ardi, txuri eta beltz, lurrak beinhola haienak izan zirela ere gogoraraziz. 

Enobietako errekarekin el­kar­tu eta behera egiten dute bi urek Añarberaino. Eta bai, erre­ka aipatu behar da. Izan ere, Enobietako urtegia hustu­tzen ari dira. «Hito historikoa», Gosáren iritziz, estatuan hustutzen den aurrenekoa izaki. Dagoeneko dena hustuta dago. Arturo Elosegi, EHUko biologian doktorea ari da urtegia desagerrarazteak ekarriko di­tu­en ondorioak neurtzen. De­nen asmoa da «laborategi na­tural» bihurtzea, Artikutza. Mis­terioak argitzen hasteko bideari ekiteko pronto daude, edo agian, misterio berriekin topo egiteko puntuan!

 
Ane eta Alberto

 

«Laborategi natural zoragarria»

Misterioak argitzeko ikerketa egitea beharrezkoa da, eta ho­rre­tan ari dira Artikutzan, hain­bat aditu. Gosá herpetologoaren esanetan, «laborategi natural zoragarria da, urte asko baitaramazki tratamendu gutxirekin». Arturo Elosegi EHUko biologoa ere ados dago; «Euskal Herriko leku dibertsoenetako bat da Artikutza, alde haundiz. Oso leku gutxi daude horrelako balioa dutenak. Orain 100 urte inguru beste edozein haran bezalakoxea zen, eta 100 urte hauetan beste guztiak degradatu egin dira. Baina Artikutza gero eta naturalago bilakatu da. Beraz, he­men izugarrizko dibertsitatea dago. Eta gainera, badauka, nere ustez, balio oso berezi bat, eta da, jabea kontserbazionista dela. Proposatu dizkiegun neurriak segituan hartu dituzte, eta kontserbazio maila igo egin da. Garai batean baziren zazpi presa txiki, duela 80 urte urak Donostiara eramateko. Aste­betean kendu zituzten. Bene­tako harribitxi bat da, ez dena bere balio osoan apreziatzen».

Ganaduari itxita dago Artikutza, baina noizean behin agertzen da ardi galduren bat.

 

Orain, gainera, harribitxia are preziatuagoa egiteko proposamen berriak egiteko ga­ra­ia iritsi da, urtegia hustu eta ken­du egingo baita. Hala azaldu du Zumeta basozainak. «Ur­tegia hustu egin behar da, dagoeneko ez baititu betetzen Europatik eskatzen diren ara­uak; zaharkitua dago eta ez da erabiltzen. Inbertsio haundia egin beharko litzateke, eta men­dia asko kaltetu...». Elo­se­gi­ren esanetan, duela 3 urte hartu zuen Donostiako Udalak erabakia. «Orain dela bost bat urte, Donostiako Udalak lan bat eskatu zigun, esan geniezaien presa kentzeak bioaniztasunari onurarik edo kalterik ekarriko liokeen. Iruditzen zai­gu arroaren naturaltasunaren aldetik eta biodibertsitatearen aldetik, oso onuragarria litzatekeela. Hori horrela, duela hiru urte erabaki zen presa kentzea».

Horretarako, aurrena hustu egin da. Elosegiren ustez, «oso poliki». Izan ere, «urtarrilaren 18rako hustuta zegoen, eta behin hustuta, egin behar zen hondoko atea erabat ireki, baina ireki zuten pixka bat». Euriaren eraginez berriro ere igo egin zen ur maila, baina azken datuen arabera, guztiz hustu da, dagoeneko. Bigarren fasea litzake, presa eraistea. «Bere garaian aipatu zen presa guztiz kentzea kaltegarria izan­go litzatekeela, hormigoia ateratzeko 100.000 kamioi be­har liratekeelako, eta pentsatu zen presaren azpitik tunel bat egitea arrainak eta abar bertatik ateratzeko». Badirudi ma­ia­tzeko hauteskundeen au­rre­tik aterako duela Donos­tiako Udalak lan horiek egiteko lehiaketa publikoa.

Misterioz betetako ingurunea da Artikutza.

 

Modu batera edo bestera, «Europan hustu eta kenduko den urtegi haundiena» izango dela azpimarratzen du Zumeta basozainak, eta beraz, «ikusi ahal izango da zer gertatzen den eta nola berreskuratzen den dena».

«Urtegia habitat artifizial bat da, eta bertan bizi behar luketen espezieei eragiten ari da; esaterako, Pirinioetako muturluzeari»

Batzuei onura, besteei kalte

Momentua aprobetxatuta, Ar­tu­ro Elosegi eta bere taldea aztertzen ari dira  «hustuketak eta presa eraisteak bioaniztasunean ekarriko dituen ondorioak», BBVA fundazioaren ikerketa proiektu bati esker. «Garai batean ikusten genuen baietz, oso onuragarria izango litzatekeela, eta momentuz ikus­ten ari gara eragina ba­du­e­la. Esate baterako, presa az­pi­an eta Artikutza auzoan nahiko metal kontzentrazio haundiak daude, eta susmoa badugu hori dela bertan dagoen ornogabe komunitate pobrearen eragile nagusia. Urtegiaren ondoan oxigenoa falta denean askatzen dira burnia edo manganesoa bezalako metalak, eta errekan behera abiatzen dira. Presa kentzean oxigeno faltarik ez da izango, eta hori desa­gertu egingo da». 

Arturo Elosegi biologoa.


Alberto Gosá, Aranzadiko beste hainbat aditurekin batera, berriz, Artikutzako fauna eta floraren inguruko informazioa biltzen ari da Donostiako Udalak eskatutako monografikorako, eta aprobetxatu nahi izan du proposamen bat egiteko. «Enobietako errekaren erritmo hidrologiko normala berreskuratzean, ikusi nahi nuena zen zein aukera dagoen anfibio eta bestelako fauna batentzako inguruak sortzeko, urtegia zegoeneko lekuan elkarrekin lotutako putzu eta hezeguneak sortuz».

Izan ere, Artikutzako ingurunea, «anfibioentzat egokia da, eguzki argiaren kanpoko ekarpen energetikotik askatzeko gai baitira; ospelak ez die eragiten. Baina narrastiei bai. Teorikoki baso ingurune hau desegokiagoa da narrastien­tzat, anfibioentzako baino. Na­rrastiak gorago dauden guneetan egoten dira, eguzkitan dauden larreetan, ingurune harrokatsuetan edota zuhaitzen erorketaren eraginaren ondorioz edo antzekoengatik sortutako soilguneetan. Beste kontu bat da anfibioek ugalketarako nahikoa le­ku ote duten. Ubi­deak behar di­tuzte, ur masa geldiak, pu­tzuak». 

Presa kentzean, beraz, espezie batzuei mesede egingo zaie, eta beste batzuei kalte. Elo­segik ere halaxe dio. «Urtegia gaur egun habitat artifizial bat da, eta bertan bizi behar luketen espezieei eragiten ari da. Esate baterako, Pirinioetako muturluzea edo satorrari. Hau erreka lasterretan bizi da. Garai batean hor erreka laster bat bazen, eta gaur egun daukaguna da erabat habitat artifiziala, eta ez dago satorrik. Pentsatzen dugu, garai bateko erreka berriro ere nola ari den sortzen ikusten ari garenez, poliki-poliki bertako espezieek kolonizatuko dutela. Noski, edozein aldaketa egiten denean, batzuk irabazten ateratzen dira, eta besteak ez. Buelta dezente eman zaio. Galtzaileen artean ahateak eta horrelakoak egongo dira. Ez dira asko, eta ez dute garran­tzia haundirik. Beste harribitxi bat da ur-satorra. Momentuz populazio ona mantentzen da, eta urtegia kentzean ia bi kilometro erreka gehiago izango ditu».

Pareta eraistea (ezkerrean) da geratzen dena, Enobietako urtegia desagerrarazteko.


Egin daitekeen unea

Aldaketa hauek anfibioetan era­gin dezaketen kalteari au­rre egiteko proposamena da Gosárena. «Urte­gia­ren erdialdetik buztanera au­ke­ra polita dago putzuak sortzeko. Elo­se­giren taldearen plan­­tea­men­duaren arabera, pre­sa txikien, eta azkenik, urtegiaren eraistearekin lortu nahi dena da Eno­bietakoa bezalako erreken errit­mo hidrologikoa errekuperatzea. Errekek bere bide naturala jarraitzeak onurak da­karzkie makrobentonikoen ko­muni­ta­teei; hala nola, intsektu, krustazeo edota korrontedun uretan bizi den fauna as­kori, eta baita ere, Arti­kutzako ha­rri­bi­txi­ari, muturluzeari ere. Pen­tsatuta dago garran­tzitsu gisa katalogatutako or­no­dun ugaztun espezieen po­pu­lazio eta intsektu makro­ben­toni­ko­entzat, eta hauek dira ibai sistema baten ur kalitatearen bioadierazgarri onenak. Baina onu­ra gutxi dakarzki anfibioak bezalako faunaren­tzat». Horre­xe­gatik, monografikorako es­pe­zie hauen populazio kopurua neur­tzeko pistetako pu­tzu-zuloetan begira­tzen du Gosák, eta baso igel gorrien hainbat arrautza ikusi ditu. 

«Nahi nukeena da inguru aproposak sortu ahal izatea, burruntzi eta sorgin-orratzak bezalako odonatoentzat, ur florarentzat ere onuragarriak liratekeenak. Argumentu asko dago horrelako ekosistemak lortzen saiatzeko!». Anfibioez gain, beraz, bestelako espezieak ere buruan dauzka. «Uretako flora ere, adibidez, ez da mota berdinekoa erreken ubideetan, mendiko uharretan edo ur geldoko putzuetan. Beraz, fauna eta florarako aukera zoragarriak sortuko genituzke. Eskura dauzkagun aukerak dira, eta aprobetxatu egin behar ditugu. Egin daitekeen une historikoan gaude, urtegia orain arte bertan egon baita».

Bide bazterreko putzuetan aurkitzen du igel-gorriak ugaltzeko tokia.

 

Orainetik, etorkizunerako

Gosá anfibio eta narrastietan da aditua, baina haren esanetan, errekuperatu daitezkeen espezie gehiago ere badira; «hainbat arrain; aingirak, izokinak... Presarekin, errekan go­ra egiteko aukera galdu zuten, baina presa kenduz gero, be­rres­­kuratu egingo dute; orain arte Añarberaino iristen dira. Her­­nanin, esaterako, uraren kalitatea hobetzeaz gain, denbora da presak kentzen hasi zirela. Pentsamendu aldaketa izan da, ur ibilgu naturalak, ori­ginalak berreskuratzearen alde. Eno­bietako urtegia ken­tzea proiektu aitzindaria izango da, eta informazio asko emango digu, aurrerantzean nola ari­tu eta emaitza bat edo beste izateko jarraitu beharreko me­todologiaren inguruan». 

 

Artikutza, historia

Artikutza, eskuz esku

XIII. mendekoak dira Arti­ku­tzari buruzko aurreneko aipamenak. Anizlarrea izeneko lursailaren parte zen Arti­ku­tza, eta Orreagako Santa Maria Kolegiataren mende zegoen. XIX. mendera arte Kolegiatak ustiatu zituen bertako burdinola, ikatza egiteko eskubidea, meatzeak, basoak eta larreak, edo errentan ematen zituen.

Donostiako Udalak eskuratu arte, hainbatek ustiatu du Artikutza.


Urteak joan eta urteak etorri, ordea, Goizuetak Anizla­rre­a­ren gainean zituen eskumenak haunditu egin ziren pixkanaka, eta beraz, baita Goizueta eta Kolegiata nahiz beste erren­tarien arteko liskarrak ere. 1815ean sinatu zuten adiskidetasun hitzarmena: Aniz­la­rrea berriaren 5.477 hektarea Goi­zueta­ren mende geratu ziren, eta Aniz­larrea zaharraren 3.770 hektarea Orreagaren men­de; egun­go Artikutza barne.

XIX. mendeko desamortizazio prozesutik libratu zen ha­sieran Kolegiata, Maria Cris­ti­na erreginaordearen eraginez, bai­na azkenean desjabetu, eta enkantean atera ziren. 1844tik hainbat jabe izan zituen, eta meategiak ustiatu zituzten.

Donostiako Udalak 1919an erosi zuen eta kanal sare haundia eraiki zuen iturburu guztietako urari etekina atera eta Donostia hornitu ahal izateko. Ura kutsatzeko moduko jarduerak ere galarazi zituen. 1950-1960 urteen artean Eno­bietako urtegia eraiki zuen, eta sortutako arazoak medio, 1975ean Añarbekoa, egun Do­nostialdea hornitzen duena.

 

Artikutzako landareak

*Iturria eta argazkiak: Iñaki Sanz-Azkue (Aranzadi).
 
Jarraian agertzen diren landareetako asko babestuak daude edo urriak dira Nafarroan.?Eremu irekietan, basoetan, erreketan, erreka ertzetan eta harkaitzetan agertu ohi dira. Artikutzako errekek ibarbasoa ondo kontserbatua dute, orokorrean, eta nahiko ilunak, malkarrak eta hezeak izaten dira. Horrez gain, bertan dagoen lurzorua azidoa da hein handi batean, beraz, horrek guztiak landare bitxi, berezi hauentzat gune aproposa izatea eragiten du.
 
 
ERREKAKO ETA ERREKA INGURUKO LANDAREAK
 
Soldanella villosa 
Pirinio atlantiarreko mendebaldean eta Kan­tau­ri­ar isurialdean banatzen den endemismoa da; mun­duan beste inon ez dago. Esan daiteke Ar­ti­kutzako ikurra dela landare hau; Artikutza, Aiako Harria eta Urumeako bailara izango dira, ziur asko, mundu mailan gehien dagoen gunea. Ur-salto eta erreka ertzeko harkaitz-pareta hezeetan aurkitzen da batez ere; errekasto ilun eta hezeetako ezponda, ertz eta iturburuetan, substratu silizeoekin erlazionatutakoetan. Maiatza inguruan lo­ra­tzen da eta lore larrosa-morea bota ohi du. 
 
 
Saxifraga clusii 
Gouan landare iraunkorra da, erroseta bat edo batzuk garatu ditzake, 40 cm arterako es­kapo loredun zuzenak, normalean ba­karra, ga­ra­tzen du eta hostoak oinaldekoak ditu. Ekai­na eta uz­taila bitartean lora­tzen da. Errekasto eta iturburuen ertzetan bizi da, substratu silizeoetan eta toki hezeetan. Eu­ro­pa hego-mendebaldeko men­dietan banatzen da, Frantziako Cevennes mendilerrotik Piri­ni­o­e­ta­ko mendebaldeko mu­ga­raino: Aiako Ha­rria, Bortziri in­gu­ruraino. Gi­puz­koako Be­ras­tegiko zita da mun­du mailan mendebaldeen kokatutakoa, eta hu­rren­­goa, Lei­tza­koa. Goizu­e­tan, Ezkurran, Aran­tzan eta Sun­billan ere badago. Azken ha­uek izaera erreliktikoa dutela pentsatzen da; klima heze eta hotzagoa zeneko garaietako azken aztarnetariko bat dira.
 
Hymenophyllum tunbrigense 
Tamaina txikiko iratze zeharrargia da, Artikutzan bi gunetan topatu dena. Gustoko ditu negu epel eta hezetasun atmosferiko altuko eremuetako harkaitz silizeo itzaltsuak. Bereziki Makaro­ne­siar irletan banatzen da eta Europan populazio sakabanatuak ditu. Iberiar penintsulan, Kan­tauri isurialdean puntualki azaltzen da; Nafarroan, Baztan, Bortziriak, Bidasoa eta Urumea bailaretan. 
 
Vandenboschia speciosa
Banaketa zabala duen iratzea: Europako mendebaldean, Afrikako kosta atlantiarrean eta Ameri­kan dago. Urumeako bailara askotan banaketa zabala du, eta Artikutzan horrenbeste ez dagoen arren, iratze berezi hau Hymenophyllum tunbrigense ira­tze subtropikala baino arruntagoa da bertan. Erreken ur-jauzietako zulo-guneetan, silizio substratuen gainean eta giro gerizatu eta hezeetan bizi da. Berezia da oso, zeharargiak direlako bere hostoak. Oso iratze zaharra da.
 
 
ARTIKUTZAN HARKAITZETAN AGERTZEN DIREN LANDAREAK
 
Huperzia selago
Ipar hemisferioko zona epel eta hotzetan ba­natzen da, baita Ma­ka­ro­nesian, Australian, Tasmani­an eta Zeelanda Berrian ere. Bana­keta zabalekoa izan arren, bere populazioak nahiko txikiak izaten dira. Europan, latitudean behera joan ahala, gutxiagotu egiten da. Iberiar penin­tsulan Kantauriar mendikatean eta Pirinioetan dago; Artikutzan 800 metro inguruko altueran dagoen harkaiztietan topatu da.
 
Petrocoptis pyrenaica 
Errosetak dituen 20 cm inguruko landare iraunkorra da. Oinarrian peziolo zahar iraunkorrak ditu, hosto-ijelkia ile luzez hornitua, kaliza ilerik gabea, petaloan kalizaren luzeraren bikoitzak eta kolore txuri edo arrosa ahulekoak, eta 1 mm-ko diametroko ha­ziak ekoizten ditu testa beltzarekin. Maiatza eta abuztua bitartean loratzen da eta granito eta eskistoen zirrikitu eta estraplomoetan bizi da.
 
 
ZELAIETAN AGERTZEN DIREN LANDAREAK
 
Narcissus bulbocodium 
Espezie oso aldakorra da, bereziki kolorazioa dela-eta. Artikutzan N.bulbocodium subsp. citrinus alda­era topatu da, lore hori apalekoa. Banaketa atlantiarra du: Frantziako Landetatik Asturiasko lurretaraino zabaltzen da, itsas mailatik 1.300 metroko altitudean. Nafarroan ohikoagoa da ipar-mendebalde aldean. Habitat irekiak nahiago ditu baina hainbat habitat ezberdinetan agertzen da: larre heze, ihidi, iratzedi, albizti eta otadi-txilardiak. 
 
Narcissus pseudonarcisus 
Iberiar penintsulako iparraldeko endemismoa da. Nafarroa iparraldean banaketa nahiko zabala du.
 
 

Artikutzako anfibio eta narrastiak 

 
*Iturria: Alberto Gosá (Aranzadi) eta ?Hernaniko eta inguruetako anfibioak eta narrastiak? liburua. Argazkiak: Iñaki Sanz-Azkue eta Egoitz Alkorta
 
Artikutzako anfibio eta narrastien inguruan oso gutxi ikertu dela dio Alberto Gosá,?Aranzadiko herpetologoak; «gehiago anfibioen inguruan; narrastien inguruan ia ezer ez». Artikutza «oso ondo kontserbatutako baso-habitata da, 100 urtetan oso gutxi ukitu da. Anfibioen faunarako egokia da, eguzki argiaren kanpo energia ekarpenetik askatu daitezkeelako; ospelak ez die eragiten. Baina narrastiei bai. Ingurune hau ez da hain egokia narrastien­tzat. Hauek ingurune altuagoetan egon daitezke, eguzkiaren eragina nabarmenagoa den larreetan, ingurune harrokatsuetan edo zuhaitzen erorketaren edo antzekoen eraginez sortu daitezkeen soilguneetan. Anfibioak toki askotan egon daitezke. Dena den, beste kontu bat da ugalketarako tokirik baduten. Ubide gehiago behar dituzte, ur geldoak, putzuak». Denera, 7 anfibio espezie egon daitezkeela kalkulatzen du, eta horietatik 6 egiaztatu ditu. Narrastiak, berriz, 12 izan daitezke, eta 8 egiaztatuta daude.
 
ANFIBIOAK
Egiaztatuak: arrabio arrunta, uhandre palmatua, txantxiku arrunta, apo arrunta, baso-igel gorria, ur-igel arrunta. Aurki 
daiteke: uhandre piriniarra.
 
Uhandre palmatua
Europa mendebaldeko espeziea, nahiko arrunta da Eus­kal Herrian; bertako anfibio itsasdunetan txiki eta arruntena da. Basoetako pu­tzu­etan egoten da eta ugal­tzeko, otsailetik ekainera, uretara gertura­tzen da: laku, putzu, aska, ubide, errekasto geldoetara... Hostoetan jar­tzen ditu arrautzak, banaka. Azal fin arrekoa da. Begie­tatik ?antifaz? marroia pasa­tzen zaio.
 
Arrabio arrunta 
Ohikoa da Euskal Herrian, prezipitazio haundiko tokietan. Baso hosto-erorkorrak gustatzen zaizkio: pagadi, harizti eta baso misto hezeak. Uretatik nahiko gertu egoten da. Gautarra da, eta egunez orbel, goroldio, harri eta zuhaitz-enbor ustelen azpian ezkutatzen da. Api­rila eta maia­tzan ugal­tzen da. Haund­i eta sendoa da, hori eta beltza, isats zilindrikoduna, buru zapalekoa, mutur borobildu eta begi haundikoa. Likido zuri toxikoa isurtzen du.
 
Baso-igel gorria 
Europako parte haundi batean aurkitu daiteke; Euskal Herri osoan ere bai, eskualde atlantikoan. Habitat ohikoena basoak dira, bereziki, ha­riz­ti eta pagadiak. Urritik martxora ugaltzen dira; emeak 1.000-2.000 arrau­tzako erruteak jartzen ditu, askotan, mendi pistetako putzu-zuloetan. Igel nahiko haundi eta sendoa da, mutur motzekoa, begi atzeko tinpano markatukoa, gehienetan gorrixka eta sabelalde txuri-horixkakoa.
 
NARRASTIAK
Egiaztatuak: zirauna, musker berdea, horma sugandila, sugandila bizierrulea, iparraldeko suge leuna, eskulapioren sugea, suge 
gorbataduna, sugegorri kantauriarra. Aurki daitezke: sugandila arrea, hegoaldeko suge leuna, suge berde-horia, suge biperakara.
 
Zirauna 
Hankarik gabeko narrastia izan arren, ez da sugea; muskerren taldekoa da. Metro erdi neurtzera iritsi daiteke. Arra arre-grisa izaten da, eta emea marroia, burutik buztanerako marra ilun batekin. Zabaldua dago Euskal Herrian. Habitat hezeak gustatzen zaizkio, landaredia dentso eta bajuko inguruak, baso hosto-erorkorrak. Apiriletik uztailera ugaltzen da.
 
Musker berdea
Tamaina ertaineko muskerra, berdea, kolorazio aldakorra badu ere. Bu­rutik isatsera, bizkar aldean puntu beltz ugari dauzka. Ugaltze-garaian, apiriletik ekainera, lepo-eztarri aldeak kolore urdin deigarria hartzen du arretan. Iberiar penintsularen iparraldean, Frantzian eta Italian ageri da. Belardi, baso eremuak, sastraka hezeak... gustatzen zaizkio; Kantauri isurialdean, zona hezeak.
 
Sugandila bizierrulea
Tamaina txikiko sugandila, hanka motz eta buru borobildukoa. Kolo­ra­zio-patroi aldakorrekoa; normalean nabarra du bizkarraldea, eta aldeetan marra beltz edo marroiak. Gaz­tetan oso iluna da. Zabaldua dago Eu­ro­pan eta Asian. Iberiar penintsulako eta Euskal Herriko iparraldean agertzen da, zonalde heze eta freskoenetan; zingira, erreka ertz, belardi...
 
Iparraldeko suge leuna
Suge txikia. Gorputzaren aldean, buru txikikoa. Arre-gorri eta grisa izaten da, orban belz­duna eta azpialde beltz-grisekoa. Ma­rra iluna izaten du bururen bi aldeetan. Eu­ropa osoan dago; penintsularen iparraldean oso arrunta da. Sasi, zuhaixka, baso eta zelai hezeetan bizi da.
 
Sugegorri kantauriarra
Aipatutakoetan pozoitsu bakarra. Gorputz lodi, isats motz, triangelu formako buru eta begi-nini bertikalekoa. Marroi-gorrizka izaten da. Iberiar penintsulako ipar-mendebaldeko endemismoa da (bertakoa). Euskal Herrian klima atlantikoan agertzen da, baso eremu heze eta irekietan. Baina termoerregulazioa ahalbidetzen duten argiuneak behar ditu.
 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!