Aukera zirudiena egia bilakatu da Iker Salaberria esku pilotari goizuetarrarentzat; eta ametsa errealitate. Profesionaletara eginen du salto azaroan, eta hileko bigarren asteburuan izanen du debuta, Aspe enpresarekin; azaroaren 8tik 10era.
20 urte bete berri ditu Salaberriak, joan den asteko ostegunean; hain justu, Asperen deia jaso zuen aste berean: «urtebetetze opari onena izan da. Oso emozionatuta nago. Niretzako sekulako albistea da jakitea profesionaletan debuta egiteko aukera izango dudala», azaldu du goizuetarrak.
Horregatik, Aspek beregan «jarritako konfiantza» eskertu nahi izan du, eta bere «maila onena» eskaini nahi du, esku pilotari onenen artean.
Bi urterako kontratua sinatu du Salaberriak Asperekin, eta beraz, 2021eko azarora arte ariko da haiekin, gutxienez.
Afizionatu mailan makina bat txapela jantzitakoa da Salaberria, torneo garrantzitsuenetan: Biharko Izarrak, Muebles Polque edota GRAVNI txapelketetan nagusitu da, besteak beste. Hori horrela, badira hilabeteak, maila gorenera pasatzeko hautagaien artean zegoela goizuetarra, eta aurreikuspenak bete dira: beste ordezkari bat izanen du Goizuetak, profesional mailan.