«Arrunt txaranga zaleak gara!»

Kronika - Erredakzioa 2019ko abu. 14a, 02:00

Ohiturei jarraituz, maiatzaren 26ko udal hauteskundeen ondorioz ekaina­ren 15ean kargu hartu zuen udal kor­porazio berria izanen da gaur Amabirjin fiestei hasiera emanen diena. Eguerdiko 12:00etan botako dute aurreneko itxa­feroa zazpi udal ordezkari berriek, Unai Miranda Berroeta alkatearekin batera. Alkatearekin berarekin eta baita Alaitz Eskudero, Ana Uitzi eta Maialen Ape­zetxea zinegotziekin izan da Kronika, festak hasi baino bi egun lehenago.


Esperientzia balkoiean, Unai Miranda alkateak

Denak ez dira berriak izanen gaur udaletxeko balkoiean. Unai Miranda alkatea iaz ere izan zen bertan, Goi­zuetan zerbitzu pribatuak eskain­tzen dituzten herritarrekin batera, baina ez zuen lehenengo aldia: «duela urte batzuk soziedadeko lehendakari nin­tzenean ere, bertan izan nintzen». Baita Alaitz Eskudero ere; beste legegintzaldi batean, bertan izan baitzen.

Ana Uitzi eta Maialen Apezetxea­rentzat, aldiz, esperientzia berria izanen da gaurko txupinazoa balkoitik bertatik bizitzea. Haiek ez dute imajinatu bertan bizitu dezaketena, baina Eskuderok aurreratu die: «arrunt diferentea da behetik eta goitik ikusten duzuna; arrunt polita da». 

Eta Mirandak Umore Ona elkar­tearekin izandako esperientzia du gogoan: «denak zuri begira dituzu momentu horretan eta sentsazio berezia da fiestari hasiera ematen diozulako. Elkartean ginanean ilusioa egin zigun Udaletxeak gugan pentsa­tzea fiestei hasiera emateko, eta mo­mentuan ilusioa egiten dizu», onartzen du. 

Oriandik ere aukera hori izan ez duten zinegotziek, beraz, gaur izanen dute aukera haien azaletik bizitzekoa.


Elkarlanerako mezua

Fiesten hasierako itxaferoa botatzeaz gain, bertan izanen dute mikrofonoa, legegintzaldiko aurreneko fiestetako mezua eman dezaten. Zer eginen duten «sorpresa» izanen dela diote, eta barre artean, ez dute deus ere aurreratu nahi izan, baina mezuaren norabidearen berri eman dute: «fiestak dira elkartzeko egunak; elkartu, ekintzetan parte hartu beti ere errespetuan, eta gustatuko litzaiguke orain fiestatan elkartzen garen bezala gero ere urte guztian elkartzea», aurreratu du Eskuderok. Eta Mirandak gehitu du: «talde berria sartu garenean ere mezu horrekin sartu gara: elkarlanak emango digula aukera gauza asko egiteko». 

Hain zuzen, haien ustez, herriko fiestak dira horren adibide garbiena: «Fiestak antolatzen badago talde bat eta otsailean hasten dira lanean eta antolatu egiten dira, bakoitzak bere ardurak hartzen ditu. Eta hori antolatzeko gai baldin bagara, ba beste edozein gauza egiteko ere elkarlan horrekin gai izanen garela».


Aurreneko itxaferoak, lau eguneko festari hasiera

Halaxe emanen diote hasiera gaur herriko fiestei; gaur hasi eta igandera arte herria alaitu eta jendez beteko da, urtero bezala. 

Udal korporazioak esan bezala, otsailean hasi zen lanean Jai Batzordea, herriko fiestak aurrera eramateko. Aurtengoan, Udalarekin batera lanean aritu dira Gazte Asanblada, Guraso Elkartea, presoen aldekoak, Umore Ona elkartea, baita herriko tabernariak ere. Haiekin batera gau eta egunez gozatzeko moduko egitaraua prestatu dute. Ekintza horietatik guztietatik Miranda, Eskudero, Uitzi eta Apezetxeak argi dute gustukoena aukeratzerakoan. «Nik uste horretan ados egongo garela denak», dio Eskuderok barre artean: «arrunt txaranga zaleak gara!». 

Eta barre artean jarraitzen diote gainon­tzekoek ere: «goizeko 04:00etako txaranga hori...», onartzen du Maialen Apezetxeak. 

Haiek berezitzat dute gaur goizeko 04:00etatik 06:00etara bitartean txaran­garen momentua, baina, orokorrean, herriak oso maitatua du txaranga eta asko animatzen du herria: «txa­rangak egunero ematen dio herriari kristoren bizitasuna! Beste edozein fiesta egiten dira, baina txarangarik ez baldin bada...», gehitzen du alkateak berak.


Fiesten ondoren, lanera buelta

Bihar bi hilabete beteko dira udal korporazio berriak kargua hartu zuenetik. Ordutik, lanean darabilte: «hau beti martxan dago», onartzen du Alaitz Eskuderok.

Miranda alkateak ere onartzen du «segituan» jarri behar zarela martxan, izan ere,  «[Udala] azkenean da gelditzen ez den tren bat, nahiz eta jende berria sartu, trena martxan dago, ez da gelditzen?». 

Oraingoz, diotenez, «aurreko korporazioak martxan zituen gauza askori jarraipena eman diegu» Baina askotan, «gauza batzuk egiteko badaude epe batzuk? eta ez badituzu egiten, galdu egiten dira».

Apezetxeak dio aukera eman diola gauzak beste leku batetik ikusteko: «tokatu arte ez dakizu uste baino gauza gehiago dagoela herrian bertan martxan».

Horren guztiaren gainetik guztiok onartzen dute «erabat» ikasten dela.

Hori horrela, fiesten ondoren ere, lanera eginen dute buelta, trenak martxan jarrai dezan.


Bertan ekoizten dena bertan kontsumitzea, erronketako bat

Behin baino gehiagotan adierazi bezala, herrita­rren arteko elkarlana bilatzeko eginen dute lan, beti ere. 

Aurreko korporazioak hasitako bideari jarraituz, merkataritza eta bertako kontsumoa izanen dute erronketako bat, haiek ere: «Gure erronketako bat da nola izan gai bertan sortzen diren edo sortu litezkeen produktuak bertan kontsumitzeko. Baserritarrek eskatzen duten gauza bat da, eta guk ere horretan sinisten dugu», dio Miranda alkateak. Helburu hori lortzeko, elkarlana ezinbestekoa izanen dela diote, bai baserritar, merkatari eta herritarren artean ere: «Bertan ekoizten duguna, bertan kon­tsumitzen badugu, gaur egun dauden dendek aurrera egiteko aukera izango lukete». Eta azken finean, «herriak eskertuko luke». 

«Fiestak dira elkartzeko egunak; elkartu, ekintzetan parte hartu beti ere errespetuan, eta gustatuko litzaiguke orain fiestatan elkartzen garen bezala gero ere urte guztian elkartzea»
«[Udala] azkenean da gelditzen ez den tren bat, nahiz eta jende berria sartu, trena martxan dago, ez da gelditzen?».


Lanari, etxebizitzari eta gazte antolakuntzari ere, bultzada

Dena den, herriak ere baditu beste hainbat erronka. Etxebizitzaren gaiaren inguruan lanean jarraitzeko asmoa dute, aurreko korporazioaren lanari jarraipena emanez, izan ere, «biztan­leriaren jaitsiera nabarmena da». 

Gazte antolakuntzan ere ahal den heinean eragitea da asmoa. Horretarako, gaztetxea­ren eraikina berritzeko asmoa hor dago, eta «ea horrek bultzatzen duen beren arteko anto­lakuntza».


Goizueta, zaintza-herria

Horretarako, hain justu, elkarlanaren beharra azpimarratzen du udal berriak, fiestetan egiten dutena, herri bizitzara pasatzea, hain zuzen. Badakite horretarako gai badirela, eta hori transmititu diote Maialen Apezetxeari lanean darabilen aurreneko hilabete hauetan ere: «Gizarte Zerbitzuekin bildu nintzenean, herri bakoitza definitzen dute modu batera, eta beraiek Goizueta definitzen dute zaintza-herria bezala. Zerbait pasatzen bada, herri guztia bolkatzen da zaintza hori emateko; izaera berezi hori dagoela».

Horren adibide dira herrian azken urteetan izan diren suteak. Unai Mirandak duela bi urteko etxe bateko sutea du gogoan: «Plazan izan zen, larunbat arratsalde batean eta jende pila bat zegoen. Eta ikusgarria izan zen; ez zegoen jendea begira... ikusi zen jendeak, bere bizia arriskatuz ere, ze gauza egiteko gai den; hemen ez zen inor begira gelditu, bakoitzak berea egin zuen. Hori nik uste dut herri batean ez dela galtzen, hori, behintzat, mantentzen da».

Ez bakarrik ezbeharrak daudenean, fiestetan ere, borondate horrek bere horretan dirau: «ez dakit beste herririk ba ote dagoen taberna bat 24 ordu irekia duenik, jendeak bere borondatez turnoak eginez...», dio Alaitz Eskuderok. 

Eta «aurretik montajeak, desmontajeak... hori ere ikusgarria da!», dio Unai Mirandak, «txaran­garekin batera Goizuetako fiestek duten beste ezaugarri bat: taberna 24 orduz irekia!».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!