Garazi Loiarte Villar izan da aurten, astearteko mozorroen egunean, zahagietako bat. Lehendabiziko emakumezko zahagia izan da. Aurreneko hazia jarri zuten duela 25 urte mozorroetan lehendabizikoz atera ziren 10 emakumeek, eta ondo gogoan izan dute hori herrian: lepotik oroigarria zintzilikatu eta makilekin zahagi dantzaren aurreneko saioaren hasiera emateko aukera izan zuten Marian Ansa, Amaia Uitz, Bidetxo Uitzi, Maixe Aizpuru, Mila Loiarte, Maite Zugarramudi, Igaratza Apezetxea, Maite Ortigosa, Rosa Olaizola eta Rakel Yarzak.
Azken momentuko erabakia
Beti ospatu izan ditu Inauteriak, Garazi Loiartek. «Goizuetako karnabalak beti izandu dira bereziak neretzat. Baserriz baserri ibili puska biltzen, eta asteartean, berriz, herrian barrena, goizean. Arratsaldean, berriz, zahagi dantza. Bederatzi urte daramazkit Inauterietan mozorro bezala; horietatik zortzi, trikitilari, eta aurten, zahagi».
Pauso hori emateak, noski are bereziagoak egin ditu aurtengo karnabalak. «Beti izandu dut buruan urteren batean zahagi bezala ateratzearen kontua, baina orain arte gizonezko bat atera izan da, eta ez da erraza pauso hori ematea. Ikusten nuen behar bat zela, gehiago luzatu ezin zena, eta egia esan, azken momentuko erabakia izandu zen».
Babes haundia
Pausoa emateak izu pixka bat sortu arren, babesa eskertu du.
«Hainbat herritarrekin harremanetan jarri nintzen haien babesa lortu ahal izateko, beldur pixka bat ematen baitu historiako lehendabiziko zahagi emakumea izateak. Bazter guztietan bezala, Goizuetan ere bada tradizioaren izenean hitz egiten duenik. Esango nieke tradizioak horrela galtzen direla; pertsona guztiei parte hartzen uzten ez zaienean. Baina argi ikusi zen astearte arratsaldean jendeak bazuela aldaketa beharra, gizon zein emakume zahagi bezala ateratzekoa. Ez dut gezurrik esanen: igandean afarian zahagi bezala ateratzeko zozketa egin zenean eta nire izena atera zen momentutik oso urduri egondu naiz. Hala ere, oso ongi pasatu dut. Dantzan hasteko ordua iristen ari zen heinean indartsuago sentitzen hasi nintzen mozorro taldekoei esker, ez bainintzen bakarrik sentitu borroka horretan; urte askotan zahagi atera diren gizonezkoen eta herritar askoren babesa ere jaso nuen. tartean, duela 25 urte mozorro atera ziren lehendabiziko 10 emakumeena. Nere aldetik, omenaldi ttiki bat egin nahi izan diet, emakume bezala zahagi aterata. Hau lehendabiziko urtea izndu da, baina ez azkena!».