Goizueta eta Aranoko medikua da Jose Javier Etxeberria Salaberria. Urte sasoi honetan lanpetuago ibili arren, tarte bat hartu du denok badakizkigunak gogora–razteko; osasuntsu bizitzeko giltza, neurri haundi batean, norberaren esku dagoela, alegia.
Udazkenean ederki sartuta gaude, eta gertu dugu negua. Medikuarenera gehiago joaten gara orain?
Normalean nabaritu egiten da, bai. Gainera, gripearen kontrako kanpainarekin ere oraintxe ari gara. Jendea gehixeago hurbiltzen da: katarroak nabaritzen hasten dira, edo biriketako gaixotasunak, edo burutik beherakoak... Edo lehendik ere badiren gaixotasun batzuen kasuan, garai honetan deskonpenTsazioak izaten dira. Adibidez, asmaren kasuan.
Zein dira normalean tratatzen dituzuen gaixotasunak?
Ez bada gauza bereziren bat izan dela; adibidez, istripuren bat gertatu dela edo baten bati angina zorrotzen batek jo diola; egunerokoan gehiago izaten da jende edadetuaren kontrola eramatea: tentsioa, kolesterola, bakoitzak behar dituen botiken kontrola egitea, bizi-konstanteak gehiago begiratzea... Gainontzean, etortzen denari aurre egitea tokatzen da. Askotan izaten da begiratzea jendea nola dagoen; batez ere, jende heldua. Osasun arazoez aparte, bakarrik bizi dira batzuk. Beste batzuk laguntzaileak dauzkate. Baina denei galdetzen diegu nola dauden, zainduta ote dauden...
Bestela, orokorrean, agendan sartuta dauden programak jendeari oroitu arazten ere aritzen gara: tabakoa uzteko, ariketa fisikoa egiteko, neurrIan jateko...
«Bizimodu sanoa izateko, gutxi-gorabehera, badakigu zer egin. Baina gaur egun behar dena da, nahia. Norberaren ardura da»
Gomendio ezagunak dira, bai. Baina, nahikoa zaintzen al dugu gure burua?
Alditik aldira, gehiago. Uste dut urteek ere egiten dutela diferentzia. Umeak pediatrarenera etortzen dira. Baina gero, urte batzuetan, ez da medikuarenera hainbeste bisita egiten. Eta gero, 50-60 urteren bueltan, berriz etortzen dira kezkak, eta kontrolak: tentsioa, kolesterola... Orduan etortzen dira burutazioak: aspaldian ez dut analisirik egin... eta neurriak hartzen hasten dira. Edade batetik aurrera, jendea zaintzen da dezente. Hala ere, gazteak ere, agian ez hainbeste alderdi medikotik, baina moda batzuk direla eta, inportantzia ematen diote osasunari eta itxurari. Modan daude dieta eta gorputzaren itxura zaintzea. Baina edadetuek kasu gehiago egiten digute, ez edateko, erretzeari uzteko edo jana begiratzeko esaten dugunean. Urte batzuk lasaiagoak izaten dira, eta normala da, gorputzak ere tartea uzten baitu. Baina gero minak nabaritzen hasten dira, eta orduan hasten da gure lana!
Zer egin orduan, gure burua beti (eta ez edadetuta bakarrik) zaintzeko?
Egin behar dena zer den, denek badakite. Kezka gehiago sortzen da edadearekin baina... Betikoa: zaindu janaria eta edaria, eta ariketa fisikoa egin. Hori bereziki. Baina badira gaur egun bestelakoak ere. Umeetan, adibidez, telefono mugikorrei begira egoten direla edo, ez dakit, baina gutxiago mugitzen dira, eta gero eta gizen gehiago dago umeetan. Horri heldu egin behar zaio. Edadetuen kasuan, berriz, asko begiratu behar izaten da botika: batzuk, gustatzen ez zaiela eta, agian ez dute hartzen, eta beste batzuk, berriz, gehiegi. Hori ere arazo izan daiteke.
«Ez zaizkigu arrotzak egiten beste mota bateko medizinak. Joera haundia dago»
Hain zuzen, badira botika eta txertoen kontrakoak, eta medikuntza naturalaren aldekoagoak...
Batzuk botika eta txertoei beldurra diete. Nere ustez, txertoekin demostratu da, ez gaitz batzuetan, baina beste askotan desagertu egin direla: polioa, kukutxeztula, garrotilloa (laringe-difteria)... Txertoek eragina dutela bistan da. Gripeari kontra egitea zaila da, baina pentsatzen dut izango duela eragina. Hala ere, jendeak kezka izaten du, eta medizina alternatiboa deitutakoa gustatzen zaio. Ez zaizkigu arrotzak egiten beste mota bateko medizinak. Joera haundia dago belar-dendetara joateko, edo masajistarenera, fisioterapeutarenera, kiropraktikoarenera... Baina askotan arazoa izaten da ez dela jakiten nora jo. Garai batean petrikillo bat edo bi izaten ziren, eta orain aukera haundia dago. Gu ez gaude kontra. Gaitz batzuk oso zailak izaten dira; bereziki, kronikoak, eta horrelakoetan jendea bideratzen dugu batera edo bestera. Batzuentzat ona da bat, eta besteentzako bestea. Hitz egin eta saiatzea da kontua.
Badirudi gaitzari erreparatzen diogula, sintoma fisikoak nabaritzen ditugunean. Baina gur egun, ez al da komeni bestelako sintoma eta gaitzei ere erreparatzea?
Gero eta gehiago entzuten dira horrelakoak, bai. Garai batean oso arraroa zen gazteetan antsietate kasuak izatea, adibidez. Gaur egun, oso normalak dira antsietate krisiak. Eta gaztetan antsietatea daukanak, gero urteekin izan dezake depresioa. Bestalde, zaharren kasuan dementziak ere gero eta gehiago daude. Gure artean daude horrelakoak. Noski; gaitza nola bizi dugun ere, horrek sortu dezake antsietatea edo depresioa. Bestalde, edadearekin neuronak huts egiten hasten dira, eta hor daude alzheimerra, dementzia, tentsio baskularra... Jendea kuidatzen da gero eta gehiago, bizi da dezente gehiago, baina gaixotu ere, gehiago egiten da.
Kezkatu egin behar al dugu orduan? Edo badago sekreturen bat?
Bizimodu sanoa izatea! Gutxi-gorabehera, badakgu zer egin behar den. Baina gaur egun behar dena da, nahia. Norberaren ardura da. Aukera haundiak dauzkagu kontsumismoaren mundu honetan. Oso argi dago tabakoa ez dela erre behar. Alkohola ere, ahal den gutxiena hartzea da onena. Eta janariari dagokionez, ona eta txarra zer den neurtzen ibili baino, neurriari begiratu behar zaio. Noski, gehien mugatu behar direnak dira irina eta azukrea, eta grasa finduak. Betiko janaria, zenbat eta naturalagoa, hobe. Zenbat eta elaboratuagoa izan, okerrago. Hortik aurrera, konstanteak begiratu, tentsio eta kolesterolari. Gainontzean, badira herentziazko gaixotasunak, edo zahartzaroak ekartzen dituen hezurretako minak, desgasteak, artrosia... Edadeak ekartzen ditu, eta ez da hain erraza, horiek saihestea! Hala ere, elikadura sanoarekin asko egiten da.
Informazio gehiago: Zaindu zure burua gehigarri berezian.