«Atentzioa eman digu nola 30 kilometroko tren hau hain azkar ahaztu den herri memorian»

Kronika - Erredakzioa 2017ko aza. 4a, 01:00

Artikutzako trena liburua ar­gi­ta­ratu duzue, eta atzo aur­kez­tu zenuten Goizuetan. Nola­tan hasi zen liburua idazteko proiektua?
Liburuaren sorrera duela urte bat hasi zela esan genezake. Oiar­tzungo Udalak gure lanen berri eduki zuen, eta horiek ur­te­roko Mugarri bilduman plazaratu nahi ote genituen galdetu ziguten. Horrela hasi zen liburuaren sorrera. Bes­tal­de, esan beharra dago trenaren inguruko ikerketa duela 10 urte abiatu zela, apurka-apurka hainbat pertsona trenaren lorratzak jarraitzen hasi zirenean.

Liburuaren laburpenean diozue ia ezezaguna zen trena ezagutzera eman duzuela lan honetan. Zer azaldu nahi dio liburuak irakurleari? Zergatik ezezaguntasun hori?
Trenaren inguruan bildu du­gun informazio jende askoren­tzat ezezaguna zela ikusi ge­nuen, hori dela eta esaten du­gu trena eta bere historia nahiko ezezagunak direla askorentzat. Gainera, atentzioa eman digu beti honen ikerketan ibili garenoi nola 30km-ko tren hau hain azkar ahaztu den herri memorian. Hori dela eta, liburuarekin urte guzti hauetan askoren artean baturiko informazioa eskaini nahi izan da, eta horretaz gain, irakurlea animatu nahi izan dugu geratzen diren arrastoak bisitatzera; horretarako, liburuak ama­ieran 5 ibilaldi ezberdin egiteko aukera ematen duten fitxak gehitu dizkiogu.

«Juan Aranbururen testigantza edozein historialarik amestu dezakeen testigantza bat da».

Oiartzunen garrantzia nabarmena izan omen zuen trenak, baina Goizuetan, eraginik izan al zuen? Orokorrean, zein funtzio izan zuen garai hartan?
Esan behar da trena Oiartzun eta Errenteriatik pasatzen ze­nez, litekeena dela bertan jendearengan eragin handiagoa izatea. Hala eta guztiz ere, tren honek burdin minerala, egurra, ikatza eta kaolina garra­ia­tzen zituen, besteak beste, eta suposatzekoa da Goizuetako lan­gile mordoa ibiliko zela Artikutzako basoetan ikatza egiten, zuhaitzak mozten eta me­hatzeetan lanean. Jende horren istorio gutxi bildu dugu, baina etorkizunean gero eta pasarte gehiago biltzea espero dugu.

Eraikitzeko izandako trabei buruz, eta ondoren, martxan jartzeko emandako pausuen inguruan ere azterketa sakona egin duzue. Goizuetarrek izan al zuten eginbeharrik lan horretan?
Ezin izan dugu jakin bertako langileria nongoa zen, seguruenik inguruko herriko pertsonak izango ziren lanean bertan jardun zutenak. Adibide moduan esan dezakegu Gre­go­rio Aranburu, Artikutzan egondako lokomotora baten makinista zela eta hura Itsasotik etorri zela trenean lan egitera. Seguruenik, istorio eta pasadizo ugari izango ziren garai haietan Goizueta, Oiartzun, Errenteria….eta inguruetako bizilagunen artean, baina ez zaizkigu asko heldu.
 
Eta zein lotura dauka orduko Trenak eta egoera sozio-ekonomikoak gaur Artikutza denarekin? Zer edo zer eskertzekorik ba al daukate herritarrek?
Esan behar da XIX mende amaieran eta XX mende hasieran meatze inguruetako esplotazioak ugaritu zirela, eta bereziki Bilbo aldean. Garaiko egoera ekonomiko eta sozialak burgesia bultzatu zuen halako lursailak erosi eta ustiaketak jartzeko. Artikutza haietako bat izan zen, eta ez da harritzekoa, hasieratik beharrezkoa zen guztia zeukalako arrakastatsua izateko: burdina, ikatza, egurra,…baina betiko problema agerian geratu zen behin eta berriz: materialak bertatik ateratzeko deserosotasuna.
Hala ere Artikutzak, gerora, beste interes bat piztu zuen Donostiako Udalarengan: ura. Honek lursaila eskuratu zuenean kalitatezko ura ateratzeko asmoa zuen, eta horretarako industria zantzu guztiak kentzen ahalegindu zen ahalik eta gune garbiena osatzeko. Goizarin eta Elamako auzoak bota zituzten, trena kendu zuten, meatzeak itxi,… Hala ere, ondare asko desagertu bazen ere herritarrek eskertu behar dugu Donostiak hartu zuen erabaki hura, horri esker, gaur egun naturaren aldetik gune oso garrantzitsua izatea lortu delako.

Argazkiz, dokumentazioz eta istorioz betetako liburua da, zehaztasunez josia. Nolakoa izan da liburua osatzeko lana? Zein izan dira erabilitako iturri nagusiak?
Ba esan bezala, urte askotako eta jende askoren kolaborazioarekin bilduriko eta osaturiko liburua izan da hau. Hasieratik konturatu ginen historia honen historiaren aspektu oso indartsua zela jakitea herriak zer nolako harremana eduki zuen tren honekin. Askotan zerbaiten historia ikertzen dugu eta bere aspektu sozialaz ahazten gara; guk hori potentziatu nahi izan dugu, jakin nola biziko zuen jendeak trena, zer suposatu zuen halako makina bat baserri ondotik pasatzen ikusteak edo iratzeetara joatean bago­iak eta kableak saihesten ibili beharrak, adibidez. Horren lekuko diren hainbat eta hainbat lekuko aurkitu ditugu batez ere artxiboko dokumentu eta mapetan, eta jendearen argazki eta testigantzetan. Ahal bezain beste informazio iturri kontsultatu nahi izan ditugu.  

Bizirik zirauen garaiko azken herritarrarengana iristea lortu duzue,  Juan Aranbururen­ga­na. Bere testigantzak zer-nolako garrantzia izan du?
Juan Aranbururen testigantza edozein historialarik amestu dezakeen testigantza bat da: 104 urterekin hil zen eta txikitan trena oso gertutik ezagutu zuen. Bere txikitako oroitzapenak idatziz utzi zituen oso zehaztasun maila handiarekin. Hala ere, trenaren ikerketan murgilduta geundela galderak egitea ere lortu genuen. Oso positiboa izan da lehen eskutik jakitea trenaren nolakotasunak, jendearen eginbeharrak… bere aita tren bateko makinista zen eta Juanek lokomotora modelo ezberdinen argazkiak ikusiz bere aitak nolakoa erabili zuen identifikatzea ere lortu zuen! Benetan oso zirraragarria. Hala eta guztiz ere aipatu gabe ez dugu utzi nahi beste testigantza asko ere egon direla, eta oso baliotsuak izan direla guztiak trenaren historia osotasunean ulertzeko. Espero dugu etorkizunean ere jendea oroitzapen eta kontakizun gehiagorekin gugana etortzea, guk istorio denak jasoko ditugu.

Lan honek jarraipenik izango al du etorkizunean?
Etorkizunean ikerketarekin jarraituko dugula seguru gaude, hau ez baita gelditzen. Liburua atera eta gutxira gauza berriak aurkitu eta gure hipotesi eta ezagutzak aldatzen doaz, beraz, noizbait liburu berri bat edo bestelako materialak jendeari eskainiko dizkiogula espero dugu, beti jendearen laguntzarekin. Azken finean, gure helburua da jendeak trena ezagutzea eta gaur egun geratzen diren arrastoez disfrutatzea; horretarako jarri ditugu fitxak amaieran eta horretarako ematen ditugu atzokoa bezalako hitzaldiak. Espero etorkizunean horrela izaten jarraitzea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!