Orain bai; iristear da eguna. Mendialdean eta Bortzirietan Gure Esku Dago dinamikak antolatutako herri galdeketan parte hartzeko aukera izango dute bihar.
Goizuetan, 638 herritar daude galdeketan parte hartzera deituta, eta Aranon, 96. Bortzirietan ez bezala, Mendialdean bi galdera erantzun beharko dituzte, herritarrek hala adostuta: Nahi al duzu Nafarroako herritarrek gure etorkizun politikoa modu askean erabakitzea?; eta baiezkoa bada, Nahi al duzu Euskal Herri libre bateko herritarra izan?
Baiezkoa, ezezkoa edo boto zuria eman, garrantzitsuena parte hartzea dela azpimarratu dute hainbat herritarrek.
Erroldatuta eta 16 urtetik gora
Galdeketan parte hartu ahal izateko, erroldatuta dauden herrian eman beharko dute botoa herritarrek, eta 16 urtetik gora izan behar dira.
Aurkeztu beharreko agiriak dira NANa edo pasaportea, edo horien ordez, EHNA edo gida-baimena eta udaletxeko errolda agiria.
Botoa eta festa
Goizeko 09:00etatik 20:00etara egonen dira irekita hautetsontziak, eta makina bat ekintza ere izanen dira.
GURE ESKU DAGO - HERRI GALDEKETA
EKAINAK 18 - Goizueta
09:00: Bozkaketa hasierako itxaferoa.
11:00: ‘Irumaita’ txaranga herrian.
11:30: Pilota torneoa Udaletxeko Orapen.
13:00: ‘Gure Esku Dago’ dantza emanaldia.
17:30: Txokolatada plazan.
18:00: Dantzaldia plazan.
19:30: Umore Ona abesbatzaren emanaldia.
20:00: Bozka kontaketaren hasiera.
Ondoren, bukaera ekitaldia.
Goizean zehar, eskulan erakusketa, luntxa, sagardo kupela...
Egun guzian zehar: Ohe elastikoa eta puzgarria.
EKAINAK 18 - Arano
Eguerdian: Parrillada.
Egunean zehar, musika eta bideo emanaldiak kalean.
Goizueta - Fernando Goia ‘Pollo’
«Zuk pentsatzen duzuna bozkatu ahal izateak ilusioa egiten du»
GED dinamikak «herritarrak aktibatzeko lan haundia» egin duenez, herritarrek parte hartzea espero du Goiak.
«Dudarik gabe animatu» du Fernando Goia Pollok mundu guztia, biharko herri galdeketan parte hartzera. «Ilusioa badaukat, kristorena! Zuk pentsatzen duzuna bozkatu ahal izateak ilusioa egiten du».
Giroa, nabaria
Goizuetarrek parte hartzea espero du Goiak. «Giroa badago. Aurreko egunetan izan da bozkatzeko aukera, eta ikusi da jendea. Gainera, Gure Esku Dago dinamikak lan haundia egin du herritarrak aktibatzeko. Kontzientzia badago».
Gero zer gertatuko den, auskalo. «Inportanteena da norberari ematea eskubidea erabakitzeko. Ez nuke pentsatu nahi uste dudanaren kontrako emaitza aterako denik. Baina herriaren gehiengoak zer erabaki nahi duen jakiteko da bozketa. Guk ez badugu bozkatzen herriaren alde, beste batzuk hartuko dituzte erabakiak, gure iritzia kontuan hartu gabe».
Arano - Kontxi Claver Oiarbide
«Orain arte ezagutu ez dugun aukera da, eta tokatzen zaiguna»
Galdeketaren alde aranoarren ia %50ak sinatuta, orain ere beste horrenbestek parte hartzea espero du.
Buru-belarri ari dela dio Kontxi Claver Oiarbidek, Aranoko herri galdeketa prestatzen, eta «sekulako ilusioa» daukala. Jendeak ere parte hartuko duela espero du, galdeketaren aldeko sinadurak biltzean «ia %50ek sinatu» baitzuen; «hortxe jarri dezakegu helburua».
«Etorkizuna erabakitzeko gure eskubidea»
Aranoarraren ustez, «inportantea» da herri galdeketa hau, «orain arte ezagutu ez dugun aukera delako, tokatzen zaigun aukera, eta aukera historikoa».
Emaitza edozein dela ere, «inportanteena parte hartzea tokatzen zaigula» dela dio. «Bozkatzera joango direnetatik, batzuk alde eta besteak kontra izanen dira, eta bat edo beste, onartu beharreko gauza izanen da».
Horregatik, animatu egin nahi du jendea: «Gure Esku Dago, dinamika kolore eta sentsibilitate guztietako jendea onartzen duen mugimendua da. Etorkizuna erabakitzeko gure eskubidea daukagu.
Goizueta - Felix Loiarte
«Jendearen iritzia jasotzea beharrezkoa iruditzen zait, zenbat eta gehiago, hobe»
Bozkatzera joango dela ziurtatu du Felix Loiartek.
Nork bere iritzia jasotzea garrantzitsua iruditzen zaiolako, biharko herri galdeketan parte hartuko duela dio Felix Loiartek, eta jendea ere horretara animatu nahi du. «Galdeketa egitea ongi iruditzen zait, eta horregatik bozkatuko dut», dio.
Baina horrez gain, inportantea dela ere azpimarratzen du. «Jendearen iritzia jasotzea beharrezkoa iruditzen zait, zenbat eta gehiagok eman, hobeto. Horrela guk pentsatzen duguna adierazteko aukera dugu, eta gure esku egongo litzake; ez besteek gugatik interperetatzen dutenaren esku. Azkenean, parte hartzeak ez du esan nahi alde batera edo bestera pentsatzen duzula. Hori librea da, bakarra, zuk duzuna da aukera zure iritzia, edozein dela ere, adierazteko».
Nahikoa ilusio?
Hain zuzen, emaitzak kezkarik ez diola sortzen dio. «Kezka sortzekotan, ea jendearengan nahiko ilusio pizten den edo ez ikusteak sortzen dit. Erantzun eskasa izango balu, hausnarketa beharko litzake, zergatia ikusteko».
Goizueta - Juan Antonio Lekuona
«Norberak bere iritzia ematen ez badu, beste norbaitek eginen du»
Bihar Umore Ona abesbatzarekin kantuan ari beharko duela eta, aurretik eman du botoa Lekuonak.
Herri galdeketarekin «ilusionatuta» dagoela aitortu du Juan Antonio Lekuonak. «Ez dugu beste aukerarik izandu; lehenbiziko aldia da, eta eskubide hau aspaldi behar genuen», dio. Eta horrexegatik, «goizuetar askok parte hartzea espero» du.
«Inori ez dio kalterik egiten iritzia emateak»
Biharko herri galdeketan ez da izanen Juan Antonio Lekuona, Umore Ona abesbatzarekin, auroretan kantari ariko delako. Horregatik, lehendik eman du botoa, egin beharrekoa dela iruditzen baitzaio.
«Inori ez dio kalterik egiten iritzia emateak. Norberak egiten ez badu, beste norbaitek eginen du. Eta gero, ez du balio besteek gaizki egiten dutela esateak».
Era berean, emaitzak ez du hainbeste kezkatzen. «Hau saiakera bat da, lehenbiziko aldia. Beti utziko ditu ondorioak, eta emaitza gustokoa ez bada, desilusioa bat, baina ikasi egin behar da».
Horregatik animatu nahi ditu goizuetar guztiak herri galdeketan parte hartzera. «Dudarik gabe animatu egin nahi ditut, era normalizatuan iritzia ematera. Inori ez dio kalterik egiten, beraz, hitzak soberan daude!».
Goizuetako Udala eta Udalbiltza - Mozioak
«Erabakitzeko eskubidea demokraziaren adierazpena» dela azaltzeko, bi mozio
Bihar 24 herritan eginen diren galdeketak babestu ditu Udalbiltzak. Goizuetako Udalak ere, maiatzeko Plenoan onartu zuen galdeketaren aldeko mozioa.
Gure Esku Dago dinamikak antolatuta, herri galdeketak eginen dira bihar, Bortzirietako, Sakanako eta Mendialdeko 24 herritan; tartean, Aranon eta Goizuetan. Azken horretako Udalak, herritarrek aurkeztutako mozioa onartu zuen aho batez maiatzeko Plenoan, eta Udalbiltzak ere galdeketak babesteko deia egin du.
«Herritar guztiak deitzen ditugu euren bozka normaltasunez eta aske ematera»
Goizuetako Udalak maiatzaren 30eko Plenoan onartu zuen aho batez herritarrek aurkeztutako mozioa.
«Ekainaren 18an gure udalerrian demokrazian sakontzeko ariketa bat deituta dago, izaera herritarra duena. Erabakitzeko eskubidea du helburu, demokrazioaren adierazpen gorena», azaltzen da bertan.
Horrela, «Euskal Herriko herritarrei bere etorkizunaz erabakitzeko dagokien eskubidea eta gaitasuna» aldarrikatu di-tuzte, eta baita ere, «askatasunez eta demokratikoki adierazitakoa errespetatua izan dadin duten eskubidea».
Hori guztiagatik, eta «erabakitzeko eskubidea demokraziaren adierazpena» denez, herritar guztiak deitu dituzte, «euren bozka normaltasunez eta aske ematera».
«GED herri dinamikak esperantzarako leihoak zabaldu ditu»
Udalbiltza Partzuergoak adierazi du «kezkaz» bizi duela «Espainiako eta Frantziako gobernuek sarritan euskal herritarren borondatea urratzea».
Horren aurrean, ordea, «GED herri dinamikak esperantzarako leihoak zabaldu» dituela dio, «gaur arte 124 herritan egin baitira Euskal Herriaren etorkizun politikoa erabakitzeko herritarren borondatea erakutsi duten herri galdeketak». Horregatik, biharko galdetekak babestu ditu.