Bizikletan ibili eta paraje ederrak ezagutzeko aukera ematen du Iskibi kanpinak, azken 8 urteetan antolatzen duen zeharkaldiarekin.
Aurtengoa ekainaren 4rako antolatu du. Bi ibilbide izanen dira aukeran.
30 edo 43 kilometro, Artikutzan
Edizio honetako zirkuitua, iazkoaren oso antzekoa izanen da.
Artikutza Parke Naturalean barrena egin ahal izanen da zati bat, antolatzaileek azaldutakoaren arabera; «Euskal Herriko txoko zoragarri hau ezagutzeko aukera izanen duzue, parkean barrena eginen diren 12 kilometroetan». Ibilbide bat 30 kilometrotakoa izanen da, 1.050 metroko desnibelekoa, eta bestea, 43 kilometrotakoa, 1.360 metroko desnibelarekin.
Izenematea, zabalik
Guztira, 300 parte-hartzailerentzako dago tokia, eta dagoeneko eman daiteke izena, www.kirolprobak.com webgunean; federatuek 12 eurotan, eta ez federatuek, 14 eurotan.
Lasterketa egunean ere izanen da aukera izena emateko, 08:00etatik lasterketa hasi arte; 09:00ak arte. Orduan, 16 eta 18 euro balioko du.
Parte-hartzaileek sarien zozketan sartu, eta bizikletak garbitzeko aukera izanen dute, eta larunbat gaua debalde izanen dute, Iskibi kanpinean.