Urtarrilaren 8an argitaratutako Nafarroako Aldizkari Ofizialaren arabera, Nafarroako Gobernuak ‘Kontserbazio Bereziko Eremu’ izendatu du Artikutza. «Bertan badira Nafarroako aniztasun biologikoaren adierazgarri diren zenbait habitat natural eta basa flora eta fauna; batzuk galzorian daude. Horregatik, bermatu behar da habitat natural eta basa espezie horiek epe luzean iraunen dutela, kudeaketa aktibo eta prebentiborako sistema eraginkor eta eragingarrien bidez».
Goizueta, Kudeaketa Planerako lantaldean
Hori horrela, bertako bizileku natural, landareri eta faunaren kontserbazioa bermatzeko, Kudeaketa Plan bat osatu da, eta honen jarraipena egiteko lantaldea osatu dute Goizuetako eta Donostiako Udalek eta Nafarroako Gobernuak. Urtarrilaren 15ean egin zuten aurreneko bilera, eta 10 urteko epea markatu da, Kudeaketa Planean zehaztutako neurriak aurrera eramateko.
Funtsezko sei elementu zehaztu dira: baso naturalak, errekak eta haltzadiak, interesko flora, koleoptero saproxilikoak, ur ibilguei lotutako fauna eta saguzarrak»
«Begi bistan, Goizuetan daukagun altxor honen balioa»
Goizuetako Udalak argitaratutako oharraren arabera, «Artikutzak jasotako kategoria honek begi bistan uzten du Goizuetan daukagun altxor honen balioa; Nafarroa mailan ez ezik, Europa mailan ere interesa pizten duen lekua dela adierazten baitu. Oso leku gutxitan aurkitu daitezkeen animalia eta landareak topa genitzake Artikutzan, eta horrexegatik, kontserbatzeko baliotsuak direnak».
Hain zuzen, Kudeaketa Planean 6 funtsezko elementu zehaztu dira Artikutzako Kontserbazio Bereziko Eremua kudeatzeko: «baso naturalak; errekak eta haltzadiak; intereseko flora; koleoptero saproxilikoak; ur ibilguei lotutako fauna; eta saguzarrak».
Azken helburua da inguruaren egoera ekologiko ona eta bertako espezieen kontserbazioa bermatzea. Hala nola, baso eta landareena (pagadi eta harizti azidofiloak, ametz arruntak, Añarbeko haltzadia, txilardi kantauriarrak, harkaiztegi silizeoak...); ugaztunena (Pirinioetako desmana, ferra, ur edo baratze-saguzarrak...); hegaztiena (zapelatz liztorjalea, miru beltza, arrano saguzalea, martin arrantzalea...); narrastiena (musker berdea, horma sugandila, Eskulapioren sugea...); anfibioena eta ornogabeena.