EGILEA: PATZIKU PERURENA LOIARTE
Migel eta Ana Joxeparen seme, Juan Manuel Astibia Eskudero, Urrutinen jaioa zen 1869an. Aitaren aldeko aitona Batista leitzarra zuen. Arreba Agustina, berriz, Antonio Lekuonarekin ezkondua. Senar emazte honen semeak izan ziren, besteak beste: Pauleneko Isidro eta Xanti, Goizuetako bandan arituak. Beste arreba, Joxepinaxi, Benaiko Batista Zubietarekin ezkondua zuen, eta hauen seme Jose Luis ere, Ameriketara joan aurretik Goizuetako bandan aritua zen. Margarita zuen beste senidea, Donfermingo Jose Luis Eskuderoren emazte izandua. Ondoreak ikusirik, bistan da odolean zeramatela musika astibiatarrek.
Ezkondu 1896an egin zen gure organista sonatua, Artzango alaba Josefa Antonia Goizueta Baraibarrekin. Aurreneko hiru semeak, jaio eta gutxira hilak zituen, baina laugarrena, alaba Joxepa, bizirik aterea 1903an. Hurrena emaztea hilen zitzaion 1918ko gripe urtean, eta inklusatik ekarritako Donata Poyalekin eta alaba Joxeparekin ezagutuko zuten gure gurasoek Untxalonen, herri guziak ‘Organistaren etxea’ deitzen zionean: denda, taberna, eta abarren jabe; eskarpinak ere berak egiten omen zituen eskuz. Hantxe eginen zen, bera bezain famatu, alaba ordeko Donata ere, Goizuetan aurreneko emakume zinegotzi izandua.
Organista alkate (1914-1920)
Baina, inklusatik ekarritako alaba zinegotzi izan aurretik, alkate izana zen organista bera. Udal aktetan 1914ko abenduaren 28ko batzarrean ageri da aurreneko aldiz alkate, eta 1920ko martxoaren 28ko batzarrean azkeneko aldiz. Bitarte horretan eginen zituen Artzan berria eta hango sutegia ere. Orduantxe egina baitzen Goizuetatik Leitzarako kamioa ere, eta erdiz erdi harrapatu zituen Artzango lurrak. Ordainetan kamio ondoan bertan etxea egiteko baimena lortuko zuen jabeak. Dirua ere jarri zuen kamio berriko gastuetan laguntzeko. Ordurako diru asko gainera: bost mila pezeta: “1915: anticipo carretera Juan Manuel Astivia: 250 pts de intereses al 5 % de 5000 pts”.
Herriko diruzain ere, organista bera (1927-35)
Herriko diruzain ere, organista bera izan zen, hasi 1927an eta hil arte guzian. Ez hori bakarrik, menbretea eta guzi eginarazi zuen, kontuak honako seilu urdin honekin seilatzeko: Menbretearen burutazio hori ere, dudarik ez, gure organistarena izan zela. Begien bistakoa baita holako kontuetan oso gizon diziplinatua eta zuzena genuela, musikari asko izan ohi diren bezala, beren ofizioan ikasitako zehaztasun matematikoa dela medio.
Diruzain kargua utzi zuen arte, urtero ageri da haren aipamena. Hona, esate bateko, 1930 urtekoa: “El depositario que suscribe se ha retenido como organista la gratificación anual que le concede el Ayuntameinto: 180 pts”. Baina, 1934ko diru kontuen azkenean, ez da seilua besterik ageri; hain zuzen ere ordurako hila baigenuen Juan Manuel Astibia. Horrek esan nahi du, hil arte guzian izan zela bai herriko diruzain bai elizako organista.
Han nonbait 1909tik 1919ra bitartean soldata horixe izan zuen: urtean 50 pezeta elizan jotzeagatik, baina 1920 urtean 180 pezetara igo zioten.
Hilobia eta heriotza (1935)
Bere familirako hilobia egiteko 2 bider 1,5 metroko lur zatia ere eskatu zuen kanposantuan 1920an. Ez dakit, ordea, hilobirik egin zuen edo ez, baina, beste hamabost urte bizitu zela bai, 1935eko garagarrilaren 21ean hil zen arte. Hantxe bukatuko ziren, 1895 aldean hasi eta 1935 urtera arte, berrogei urte luzez, Goizuetako organista izandako gizaki orgon eta argi haren lanak. Handik urte batzuetara, berriz, haren komertzio guzia Oxtakio Lujanbioren eskuetara pasako zen, Donatak ezkondu eta Donostiara hanka egin zuenean.
Guzien gainetik, organista (1895-1935)
Guk ordea organista izateagatik ekarri dugu orrialdeotara Juan Manuel Astibia orgona. Bizi zeneko etxeari ere, ‘Organistaren etxea’ deitzen baitzioten. Baita dokumentu ofizialetan ere halaxe ageri da maiz: “arreglo de la tuberia junto a la casa del organista”. Horretan sinale, batik bat, organista izateak eman ziola famarik haundiena herrian. Baina, nahiz elizako organista izan, udalak pagatzen zion soldata beti: 1912: D. Juan Manuel Astivia gratificación como organista 25 pts por el primer semestre. 1913: D. Juan Manuel Astivia 25 pts por gratificación del 2º semestre como organista.
Han nonbait 1909tik 1919ra bitartean soldata horixe izan zuen: urtean 50 pzta elizan organoa jotzeagatik, baina 1920. urtean 180 pezetatara igo zioten, eta handik aurrera hil arte guzian huraxe kobratu zuen gure organistak.
Horra Goizuetak izan duen organistarik finenaren bizitza, llabur zurrean kontatua. Lehendik ere izan ziren ordea: Joxemari Loiarte Minondo Paskoltzenekoa “presbítero organista”, edo Loiartako (Mindebea) Joxemari Zabaleta Uitzi “organista cantor” 1861ean hila. Gerora ere izan dira, noski, organoa jo dutenak Goizuetako elizan: D. Ramon Olazaran Estellakoa, Don German Laurnagarai Arraiozkoa, Don Eugenio Etxenike bikarioa, Joxe Jabier Aizkorbe herriko seme apaiza, Pello eta Erramon Apezetxea anaiak, Kotxoko Antton Mari Mitxelena, Igaratza Apezetxea… eta inoizka meza laguntzen aritu diren beste asko, (Irurtiatarrak, Kamio, Azpiroz…) baina, inor ere ez Joan Manuel Astibia orgon haren itzala eta iraupena erakutsi duenik.