Ceferino Apezetxea Eta Semeak da, 1996tik Goizuetatik Hernanirako autobus zerbitzuaren arduraduna. Aita, Ceferino Apezetxea, jubilatuta dago, baina lanean segitzen dute haren 5 seme-alabetako hiruk: Elik, txofer lanetan, eta Xebe eta Javierrek tailerrean. Miren Salaberria ere txofer lanetan aritzen da beraiekin.
Zerbitzua, ordea, aspaldi sortu zen; 100 urte baino gehiago pasa dira aurreneko bidaia egin zenetik, eta makina bat gertaera eta aldaketa izan dira ordutik!
Karreterarik ez, eta zaldi-karroan
«Goizueta-Hernani linea Angel Loiartek sortu zuen», azaldu du Eli Apezetxeak. «Bere txoferrak Inozentzio Zabaleta eta Jose Mari Zabaleta ziren. Orduan ez zegoen karreterarik, eta linea egiten zen zaldiak eta karroarekin. Karroa leporaino beteta eramaten zen! Jendea Hernanira joaten zen janaria eta Goizuetan ez zeuden gauzak erostera».
«Alfonso XIII erregea Goizuetara etortzen zen oporretan, eta batzuk esaten dute horregatik egin zutela karretera, 1910 urte inguruan»
Karretera egitean, ordea, autobusarekin hasi ziren lanean. «Gutxi gora-behera, 1910ean egin zuten Goizuetatik Hernanirako karretera, eta orduan autobusarekin hasi ziren». Karretera egitearen zergatiaren inguruan bi teoria entzun ditu Eli Apezetxeak. «Alfonso XIII erregea Goizuetara etortzen zen oporretan. Goizueta-Leitza karretera berak inauguratu zuen! Batzuk esaten zuten horregatik egin zutela. Beste batzuk, berriz, zentralarengatik egin zela esaten dute».
Jendea, enkarguak eta animaliak
Ordutik gauzak ikaragarri aldatu dira. Apezetxeak hainbat goizuetarrek bizitako istorioak kontatu ditu. «Autobusak tetxu gainean tokia izaten zuen, eta lehen denetatik eramaten zen: jendea, loreak, oilaskoak, txerriak... Aitaren lehengusuak, Bixente Zubirik kontatu dit nola behin Xalto bertsolariaren amari hozka egin zion hanketik txerri batek, eta hanka gangrenatu egin zitzaion! Gangrena hori ezin sendatuta hil zen! Bestalde, kontatzen du autobus gainean etortzen zen jendeak kontuz ibili behar izaten zuela adarrekin minik hartu gabe, ilunpetan ibiltzen zirenean!».
Garai haietan jende asko ibiltzen zen ‘Goizuetako korreoan’. «Urte horietan Goizuetan 2 edo 3 kotxe bakarrik zeuden, eta jendeak autobusa erabiltzen zuen herri batetik bestera mugitzeko». Noski, horretarako, eta era guztietako enkargutarako! «Tailerreko piezak, oilasko txikiak, animaliak... denetik eramaten zen autobusean. Baita korreoa ere! Zinkoenean parada egiten zuen, eta Goizuetako zakuka gutun uzten zuen bertan. Handik Goizuetara ere eramaten zituen, eta udaletxean utzi, gero karteroak banatzeko. Goizuetako posta kodea Gipuzkoakoa zen orduan! Gaur egun ez, eta Leitzatik ekartzen dira gutun eta paketeak».
«Xalto bertsolariaren amari hozka egin zion hanketik txerri batek, autobusean, eta hanka gangrenatu zitzaion. Ezin sedatuta, hil egin zen!»
Ceferino Alba, beste 40 urtean
Hasierako ‘Goizuetako korreoaren’ linea Loiartek sortu zuen, eta gaur egunera jarraitu badu, arduradunak aldatu direlako izan da. 1956an Ceferino Albak hartu zuen. «Bere emazteak, Felixa Salaberriak kontatu didanez, hauek linea hartu zutenean ere autobusaren gainean jendea joaten omen zen. Egun batean, Donostiako agentzia batetik deitu omen zioten Donostiatik Etxalarrerako bidea egiteko, eta jendea autobus barruan eta gainean ere joan omen zen!».
Bestelako bidaiak ere izaten ziren, asterokoak. «Añarbeko presan lanean jende asko aritzen zen, eta astebukaeran etxera joateko autobusa harten zuten. Goizuetako jaietan ere, musikoak autobusean etortzen ziren».
«Orain 10 urte, asko erabiltzen zen autobusa, ostegunetan ferira joateko»
Albari Ceferino Apezetxeak hartu zion erreleboa 1996an. «Aitak esaten du oraingo autobusak oso komodoak direla!», aipatu du Eli Apezetxeak. «Bera oso trebea zen. Elurra egiten bazuen ere, berak beti aurrera! Ez zuen zerbitzua egin gabe uzten, eta oso ondo moldatzen zen! Orain ere saiatzen gara, baina azkeneko uholdeetan, adibidez, bi egunetan ez zen autobusik ibili. Ikusiz gero asuntoa gaizki dagoela, bertan behera uzten dut».
«Jendea Hernanira joaten zen janaria eta Goizuetan ez zeuden gauzak erostera»
Beste gauza batzuk ere aldatu dira azken 10 urtetan, Apezetxearen ustez. «Orain 10 urte, asko erabiltzen zen autobusa ostegunetan ferira joateko; lehengo jendea, karnetik ez zuena, landareak erostera joaten ziren baserritarrak... Orain goizuetar bat bera etortzen da landareak saltzera! Edade horretako jende asko hil egin da eta...».
Eta gazteagoek beste ohitura batzuk dituzte. «Lehen zailagoa zen kotxea edukitzea. Baina orain etxe guztietan bada. Batzuk kapritxoz todoterrenoa ere badute! Gainera, autobusak denbora gehixeago behar du Hernanira ailegatzeko. Hori bai, lehen ordubete eta askoz gehiago tardatzen zuen. Bidean lau bat taberna zeuden, eta paradak egiten ziren, baxoerdiak hartzeko!».
Egunean 3 zerbitzu
Gaur egun, ikastola garaian 3 zerbitzu ematen dituzte, eta gainontzean, 2. «Jende helduak edo karnetik ez dutenek erabiltzen dute. Bataz beste, hilabetean 800-900 lagun ibiltzen dira, hilabete onetan, udaberri-udazken partean. Batzuetan galtzeko arriskua ikusten diot, baina ezetz espero dut. Oraindik ere zerbitzua ematen dugu: etxe ondoan zain egoten den jendea jaso; botikak egunero Giozuetara eraman; enkarguak eraman; tartean, loreak, pinturak, herboristeriko gauzak, eta baita Adarragako tartak ere!».