Goizuetako Udala ‘tontorrean’ mailan, euskeraren alorrean

Kronika - Erredakzioa 2017ko ots. 4a, 01:00

Euskeraren erabileran, uda­lerri euskaldunen tontorrean dago Goizuetakoa. UEMAk, Uda­lerri Euskaldunen Man­ko­mu­nitateak, azter­keta egin du, udal bakoitzeko sail guz­tiak kontutan hartuz, eta lau multzotan sailkatu ditu uda­l guztiak, euskeraren erabilera mai­lari dagokionez: abian, magalean, gorabidean eta tontorrean.
Ba maila gorenera igo dira Goizuetako eta Leitzako Udalak, gorabidean mailatik tontorrean mailara, azken hilabeteotan egindako lanari eta hartutako konpromisoei esker. Asteartean eman zuten prentsaurrekoa bi udalek, Leitzan, egindako lana eta «aurrerantzean herritarrek sumatuko dituzten aldake­tak» azaltzeko. Bertan ziren Unai Loiarte alkatea, eta Zuriñe Lujanbio euskera zinegotzia.

«Euskerak zonaldean duen osasun ona bermatzeko ardura daukagu»
Lujanbiok azaldu zuen, arlo horretan «erantzukizun bere­­zia» daukatela Goizuetak eta Leitzak: «euskeraren arnas­gu­­ne garen udalerriok, euske­rak zonaldean daukan osa­­sun ona bermatzeko ardura daukagu». Eta nabarmendu zituen, Udala erabat euskal­dun­tzeko hartutako neu­rriak: «bereziki, gure barne fun­tzio­­namendurako ekipoe­ta­ko pro­gramak euskeraz erabiltzeko erabakiak eraman du Goi­zu­e­tako Udala tontorrera». Eta argitu zuen, ez dela egun ba­tetik bestera lortu duten zer­bait: «egunez egun euske­raz bizi ahal izateko, admi­nis­trazioa euskalduntzeko urte askotan lanean aritu diren herritar, ordezkari politiko eta UEMAko kideen meritua ere bada», azpimarratu zuen.
Miren Etxenike UEMAko teknikariak, bi udalak zori­on­­du nahi izan zituen, «eman­dako pausoengatik, eta ton­to­rreraino heltzeko egindako lanarengatik».
Orain, eskualdeko hiru udal daude tontorrean, Areso ere maila horretan baitago lehendik ere. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!