INFORMAZIOA
Barazkiak ekoiztea izan da beti gure ogibideetako bat eta azken urteetan, era esklusiboan, horretara dedikatzen gara Arriatzu baserrian. Famili giroko negozioa da gurea, baserrikoa, betikoa. Etxe inguruan ditugu baratzak, eta guk landatu, zaindu, mimatu, jaso eta prestatzen ditugu barazkiak, egunero, Zapa kalean dugun dendara eramateko. Garaian garaiko produktuak dituzue aukeran bertan, eta guztiek dute komunean ezaugarri bera: kalitatea. Urteko sasoiaren arabera, eskuragarri izango dituzue etxekoak: azelgak, porruak, kalabaza, kalabazina, azenarioak, tomatea, letxuga, roblea, aza, espinakak, tipulinak, piperrak, gindillak...
Horrez gain, Arriatzuko generazio berriek, egungo gizartera egokitzeko erronkari ekin diote azken urteetan, Lixto sortuz. Kontsumo ohiturak aldatuz joan diren heinean, sortu diren behar berriei egokitzen da Lixto: barazkia txikitua saltzen dugu, platerean edo eltzean, jan edo sukaldatzeko prest dagoena. Lixtok, garaian garaiko gure baserriko produktuak ditu, moztuta, garbituta, desinfektatuta eta lehortuta; inongo kontserbante eta koloranterik gabe; 100% naturalak. Eta Lixto formatuaren barruan, aukera ezberdinak dituzu: porrupatata egiteko, barazki purea edo salda prestatzeko, txikitutako lekak, barazki menestrak egiteko aukera ezberdinak, entsaldarako letxu eta roblea, aza... eta nahi izanez gero, zuk behar duzun hori.
Fruituak ere saltzen ditugu Arriatzun: sagarrak, pikuak... tarteka baserrikoak izaten ditugu. Fruitu gehienak ordea, ekarri egiten ditugu. Bertakoa edo ahal den gertuenekoa bilatzen dugu; eta kanpokoak diren kasuan, kalitate onena bilatzen dugu.
Lekaleek ere leku propioa dute Arriatzu barazkiak dendan: babarrun beltza, txuria edo gorria, lentejak, garbantzoak... Arrozari ere egin diogu tartea, azken hilabeteetan.
Arrautzak, sagardoa, txakolina, gazta, ardi esnea, yogurrak eta euskal baserrietan ekoizten diren beste hainbat produktu ere, aurkituko dituzu Arriatzun. Etxeko produktuak ez direnean, saiatzen gara Hernani edo inguruko baserritarrei erosten, bertakoa bertakoek kontsumitu dezaten.
Eta horiez gain, beste hainbat kutixi ere aurki ditzakezu Arriatzun: kontserbak, olioak, gozoak, fruitu lehorrak...
HISTORIA
Baserria erosi eta berehala hasi ginen etxe ondoko baratzean ekoizten genituen produktuak Donostiako Bretxa merkatura eramaten. 1936 urtea zen hura. Amona Maria eta Joxepa joaten ziren zaldi karroan Osiñagatik erdiguneraino. Tranbian kargatzen zuten egun horretako generoa, eta goizean goizetik jartzen zuten postua, garaiko Bretxa zaharrean. Letxuak, azak, porrua… garaian garaikoa eramaten zen orduan ere, eta saldu, gehienetan, ia guztia egiten zen. Esnea ere eramaten zuten, baserriko behiei goizean goiz jetzia; marmitarekin eraman, eta txantxillarekin neurtzen zen orduan.
Bretxa batetik bestera, eta handik Sarriegi plazara aldatu zituzten. Azken urteak San Joan kalean egin dituzte. Lekuak bakarrik ez, garraioak ere eboluzionatu du ordutik: tranbiatik Garayarreko autobusera, eta handik, amonak erositako lehendabiziko furgoneta zaharrera. Joan-etorria egiteko gidabaimena atera zuen amona Mariak, Gipuzkoako bosgarren emakumea izan zen ateratzen. Erreleboaren garaia ere iritsi zen eta azken 40 urte inguruak Mirarik egin ditu Bretxan; baserriko azken generazioek ere, bertan izan dute lan munduarekin aurreneko kontaktua.
2012an, Santo Tomas egunarekin kointziditu arazita, baserriaren izen bera duen denda zabaldu genuen Zapa Kalean. Guk baserrian ekoiztutakoa, herritarrek eskura izatea da helburua: 0 kilometroa lantzea, hau da, Hernanin ekoizten dena, Hernanin saltzea. Gure birramonek hasi zuten merkatu bide hari segida eman nahi izan diogu Arriatzu Barazkiak dendan; 80 urteko esperientziak asko erakutsi digu eta mimo osoz lantzen ditugun barazki horiek zure eskura jarri ditugu orain.
Denda goiz eta arratsalde dugu irekia, 08:15-13:30 eta 17:00-20:00 ordutegian. Larunbatetan goizez zabaltzen dugu: 08:15-14:00.
Maialen Zeberio, Ane Zeberio, Manoli Zubelzu eta Jose Ramon Zeberio
Arriatzu