Proposamenak egiteko bigarren saioa larunbatean, Ereñotzuko auzotarrek

Julen Borreguero Fernandorena

'Biziberritu espazioak' prozesuaren baitan, batzar irekia antolatu dute Auzo Udalean. Goizeko 10:30etan izango da, eta izango ditu itzulpen zerbitzua zein haurrentzako zaintza zerbitzua.

 

Larunbat honetan (azaroak 21) Auzo Udalera gonbidatu ditu ereñotzuarrak, Auzo Udalak berak eta Olak Auzo Elkarteak. Batzar irekia egingo dute bertan, 'Biziberritu espazioak' programaren baitan, goizeko 10:30etan hasita, eta baliatuko dute tartea auzoaren beharren inguruko hausnarketa egiteko: «Zeintzuk dira Ereñotzun ditugun espazio aukerak? Nola asetu daitezke auzotarren beharrak auzoan dauden espazioekin? Zer proposamen ditugu?».

Horrekin batera, jakinarazi dute itzulpen zerbitzua eskainiko dela, baita haurrentzako zaintza zerbitzua ere. Eta mokadutxoa ez da faltako. Horrela, Ereñotzuko 'Biziberritu espazioak' programaren baitan egindako bigarren batzar irekia izango da larunbatekoa, eta iraungo du 12:30ak arte, gutxi gorabehera. Guztira hiru saio egingo dituzte; hirugarrena izango da abenduaren 12an.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!