Biziberritu izenarekin, partehartze prozesua jarri dute martxan Ereñotzun, auzoak behar dituen espazioen inguruko lanketa egiteko, eta auzotar guztien artean erabakitzeko azpiegituretan eta eraikinetan zein apustu eta inbertsio egin beharko lituzkeen Auzo Udalak.
Horrelako prozesuek piztu ohi dute interesa eta jakinmina batzuengan, eta beste batzuek urruti xamar sentitu ohi dituzte. Baina honakoak garrantzia berezia dauka auzotar guztientzat, eta hala transmititu nahi dute prozesuaren talde eragileko kideek: Ereñotzuren etorkizuna da, azken batean, denen artean eraiki eta erabaki nahi dutena. Talde horren parte dira Olatz Juantorena alkatea, Auzo Udalaren izenean; Aitor Caloca, Olak Auzo Elkartearen ordezkari; eta Lore Arretxe, auzotar gisa. Prozesuaren nondik norakoak azaldu dizkiote Kronikari.
Azpiegitura propioen falta, eta aukera berriak
Testuinguru berezi batetik abiatu da prozesua. Izan ere, azpiegitura propiorik apenas dauka Ereñotzuko Auzo Udalak, une honetan; «dauzkagun espazio guztiak daude kontzesioan edo alokairuan», azaldu du Olatz Juantorenak. Auzo Udalaren eraikina bera, elizak utzitakoa da. Lagapen hori hemendik urte batzuetara bukatuko da, eta berritu egin beharko litzateke.
Kontuan hartu behar da, gainera, «nahiko saturatuta» dagoela: Auzo Udalaren bulegoak, mota guztietako ikastaroak, hitzaldiak, bilerak eta beste hainbat jarduera hartzen ditu bere baitan, bakoitza bere behar eta ezaugarri espezifikoekin. «Etengabe ari gara egokitzapenak egiten aretoan, jarduera ezberdinak martxan jartzeko», azaldu dute.
Azpiegituren hutsune horretan, aukera berriak sortu dira azkenaldian. Zentral hidroelektrikoaren eraikinari dagokio horietako bat: prozesu korapilatsua gaindituta Auzo Udalaren esku geratuko da, Errenteriako Udalak titulartasun lagapena eginda, 20.000 euro inguruan. Horri gehitu beharko zaizkio, eraikina berritu eta egokitzeko egin beharreko inbertsioak.
Latxeko fabrikaren kasua ere hor dago, Hernaniko Udalak eskuratu zuena.
Baina beste aukera berri bat sortu da orain, auzotarren arteko solasaldietan interesa piztu duena: Goikoetxe jarri dute salgai, erdigunean bertan dagoen eraikina, eta espazio berde asko daukana. Hainbat izan dira Auzo Udalak erosi beharko lukeela adierazi dutenak, solasaldi informal horietan.
Aukera horrek piztu du ilusioa eta interesa, baina oso inbertsio potoloa litzateke Auzo Udalarentzat, hainbat urtetako udal aurrekontua konprometituko lukeena.
Aurreneko saio irekia, urriaren 24an
Garbi daukate halako erabaki potoloak auzotar guztien artean hartu behar dituztela; eta aurrera egitekotan, konbentzimendu osoz egin behar dutela. Horregatik, errotik landu nahi dute gaia. Batetik, aditzera eman eta aztertu nahi dituzte hainbat azpiegituraren ezaugarriak, jabetza edota erabilera: Auzo Udala, zentrala, eskola, denda, taberna, Latxeko fabrika... Aurrelanketa dagoeneko egina dute Auzo Udalak eta Olakek, eraikin bakoitzaren inguruko informazioa bilduz. Eta bestetik, ezagutu nahi dituzte auzotarren beharrak, nahiak eta interesak; zein espazio behar dituen Ereñotzuk etorkizunera begira. Lanketa horren baitan jarriko da mahai gainean Goikoetxe erosteko aukera, edota zentrala erabilera ezberdinetarako egokitzekoa.
Hori guztia lantzeko, eta auzoaren etorkizuna elkarrekin marrazten hasteko, hiru saio ireki antolatu dituzte. Urriaren 24an izango da aurrenekoa, goizeko 10:30etatik 12:30etara, Auzo Udalean. Toki eta ordutegi berean izango dira beste biak ere, azaroaren 21ean eta abenduaren 12an. Saio batetik bestera, talde eragileak egingo du lanketa, aurreko saioan jasotako ekarpen, ideia eta proposamenekin.
«Oso anitza da Ereñotzu, eta nahi ditugu jaso kolektibo guztien beharrak eta nahiak»
Saioetan, partehartzea «ahalik eta zabalena» izatea nahi dute, eta badaukate «ilusioa», hala izango dela: «Uste dugu gaiak piztuko duela interesa, eta jendea gerturatuko dela aurreneko saiora. Horretara animatu nahi ditugu auzotarrak, oso garrantzitsua izango delako Ereñotzuren etorkizunerako», adierazi dute.
Eta zabala bakarrik ez, partehartzea anitza izan dadin ere nahi dute: «Oso anitza da auzoa, eta guk ez ditugu ezagutzen norbanako eta kolektibo guztien beharrak eta interesak. Prozesu hau guztion onerako izango da, eta denen errealitatea eta ikuspegia ezagutu nahi dugu. Eta ikusten badugu kolektibo batzuk ez daudela ordezkatuta bileretan, haiengana joko dugu zuzenean. Adibidez, haurren edota adinekoen kasua izan daiteke hori, eta haiekin beste modu batera egingo dugu lanketa. Guztion beharrak eta nahiak jaso nahi ditugu, aurrera begira denontzako Ereñotzu eraikitzeko, guztion artean».
Funtsean, oso garbi daukate bide-orria: auzoaren beharrak ezagutzea, horiekin etorkizunerako estrategia komun bat markatzeko. Eta horren baitan ikusiko dute zein espazio eta eraikin diren klabeak, eta zein inbertsio egin beharrekoak.
Gertu daukate azkeneko inbertsio potoloaren adibidea. 600.000 eurotik gorakoa izan zen orain Patxikula parkea dena (futbol zelaiaren eremua) eraberritzeko obra. Hori gauzatu ahal izateko, hainbat urtetako aurrekontuetan gorde behar izan zituen diru partidak Auzo Udalak, eta 250.000 euroko mailegu moduko bat ere jaso zuen Hernaniko Udaletik.
Goikoetxe erostekotan, hori baino askoz ere haundiagoa litzateke kostua, eta 'malabare' dezente gehiago eginda: «Halako inbertsio potolo bat egin behar bada, nahi genuke auzotarrek hartutako erabaki bat izatea, horretan sinetsita eta jakinda zein ondorio dauzkan Auzo Udalaren aurrekontuan».