65 urtetik gorakoentzat eskaintza zabala izango da Ereñotzun aurten ere

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko irailaren 2a

Auzozaintza nobedade dela, segida izango dute Berriketan, Ttapa Ttapa eta Bidelagun egitasmoek.

 

Irailean sartzearekin batera, egunotan jarriko dituzte martxan Ereñotzun 65 urtetik gorakoei zuzendutako egitasmoak. Eskaintza zabala izango da aurten ere, aurreko urteetan baino zabalagoa gainera. Horrela, jarraipena izango dute Berriketan, Ttapa Ttapa eta Bidelagun egitasmoek, eta Auzozaintza da nobedadea, ikasturte honetan aurrenekoz egingo dutena.

Hain juxtu, Auzozaintza izango da martxan jartzen aurrenekoa, gaur bertan. Asteazkenetan izango dira saioak, goizeko 11:00etatik 12:30etara, Auzo Udaleko aretoan.

Gaur hasiko da Berriketan egitasmoaren ikasturtea ere, asteazken arratsaldeetan elkartuko baitira, solasean, karta jokoan edota denborapasak egiten aritu, eta elkarrekin meriendatzeko. 17:00etatik 19:00etara izango da hori.

Ttapa Ttaparen kasuan, berriz, ostiral goizetarako jarri dute hitzordua ikasturte honetan. Frontoian elkartuko dira, 09:45etan, auzoan barrena ibilbide bat osatzeko astero.

Eta azkenik, asteko lehenengoa izango da Bidelagun, baina ikasturteari ekiten azkenekoa. Astelehenetan egingo dituzte saioak, goizeko 09:30etan hasi eta eguerdiko 13:00ak arte.

 
 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!