Auzozaintza egitasmoaren baitan, talde bat osatu da Ereñotzun

Julen Borreguero Fernandorena 2026ko abuztuaren 7a

Ereñotzuko Auzozaintzaren saioetako batek utzitako argazkia.

Asteazkenero elkartzen dira, goizeko 11:00etan, Auzo Udaleko areto nagusian.

Auzozaintza deritzon sare publiko-komunitarioa Hernaniko Udaleko doako zerbitzu bat da; helburu nagusi bezala dauka prebentzio-ikuspegi batetik adineko pertsonen bakardadeari aurre egitea, beren autonomia sustatzea eta bizi-kalitatea hobetzea. Bakarkako bidelaguntza nahiz komunitatearen parte-hartzea uztartzen dituen zerbitzu hau Hernaniko hainbat auzotan abiatu ondoren, Ereñotzura ere zabaldu berri da. 

Beraz, aurten Auzozaintzaren barruan zuten beste helburuetako bat auzo gehiagotara zabaltzea zen heinean, Ereñotzun lortu berri dute. Adineko pertsonen taldetxo bat sortzea lortu dute, asteazkenero-asteazkenero elkartzen dena, goizeko 11:00etan, Auzo Udaleko areto nagusian. Bertan, adinekoek dituzten edo eduki ditzaketen arazoen inguruan mintzatzen dira. 

Horrez gain, auzoko adineko pertsonekin harremanetan jartzen ari dira etengabe, deiak eginez, haien egoera eta beharrak ezagutzeko intentzioarekin, eta noski, zerbitzua aurkezteko zein asteazken goizetan elkartzen den taldera gonbitea luzatuz. 

Bestalde, informazio gehiago behar edo nahi duenarentzat, aukera dago auzozaintza@hernani.eus helbide elektronikora mezu bat bidaltzeko, baita 688 81 69 43 telefono zenbakira deitzeko ere.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!