Sunbillara bidaiatuko dute Igoin eta Laiene Pikabeak, XXIII. Ramon Latasa sarira

Julen Borreguero Fernandorena 2026ko abuztuaren 5a

Igoin eta Laiene Pikabea aizkolari ereñotzuarrak.

Igande honetan izango da herri kirol emanaldia, herriko pilotalekuan, arratsaldeko 18:30etan hasita, eta punta-puntako kirolariekin batera ariko dira anaia-arreba ereñotzuarrak.

 

Ramon Latasa aizkolaria zenaren omenez punta-puntako herri kirol emanaldia antolatzen dute urtero Nafarroako Sunbilla herrian. Aurtengoa XXIIIgarren edizioa izango da, eta bertan izango dira Igoin eta Laiene Pikabea aizkolari ereñotzuarrak. Igandean izango da emanaldia, herriko pilotalekuan, arratsaldeko 18:30etan hasita. 

Hiru kategoriatan egingo dituzte aizkolari probak, bikotekakoak denak, baita punta-puntakoak ere. Gizonezkoen maila nagusian hiru bikote hauek ariko dira lehian: Iker Vicente eta Eneko Otaño; Julen Alberdi 'Txikia IV' eta Arkaitz Etxebeste; eta Mikel Larrañaga eta Hodei Ezpeleta 'Bihurri II'. Bikote bakoitzak hamar kanaerdiko eta sei 60 ontzako ebaki beharko ditu.

 

Anaia-arreba ereñotzuarrak, jarrai-jarraian

Emakumeen Ramon Latasa Sariaren bosgarren edizioa izango da aurtengoa, eta honetan hartuko du parte Laiene Pikabea ereñotzuarrak. Kide izango du Nerea Arruti, eta kontrario Oihana Fernandez de Barrena eta Nerea Sorondo. Bikote bakoitzak 45 ontzako bost enbor moztu beharko ditu.

Eta Igoin Pikabea ereñotzuarra ariko da gazte aizkolarien IXgarren Ramon Latasa Saria den honetan. Hiru bikotek hartuko dute parte ereñotzuarrak eta Beñat Senosiainek osatzen dutenaz gain, lau bikotek guztira alegia: Oier Mitxelena eta Unai Etxeberria; Aritz Oiarbide eta Julen Urrutia; eta Jon Erdozia eta Mikel Santesteban.

Harrijasotzen ere ariko dira igandean Nafarroako Sunbilla herrian. Bi bikote ariko dira aurrez aurre, lehian. Bikote mistoak izango dira biak, gizonezko batek eta emakumezko batek osatutakoak. Alde batetik Patricia Martin eta Mikel Lopetegi Urra izango dira, eta bestetik Estefania Etxebeste eta Beñat Telleria. Bi txanda egingo dituzte; lehenbizikoan, gizonak ariko dira 125 kiloko zilindro zaharrarekin eta emakumeak 75 kiloko zilindroarekin. Bakoitzak 16 jasoaldi eman beharko ditu. Bigarrengo txandan, gizonak ariko dira 100 kiloko bolarekin, eta emakumeak 63 kilokoarekin. Bakoitzak beste 16 jasoaldi eman beharko ditu.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!