Gaur amaituko dira San Antonioak, baina egunean zehar badute zer gozatu oraindik ereñotzuarrek

Julen Borreguero Fernandorena 2026ko ekainaren 14a

Jone Uria, Maialen Lujanbio, Oihana Iguaran eta Andoni Rekondo, iazko saioan.

Bertso jaialdia eta gero jaurtiko dituzte suziriak, aurtengo jaiei agur esateko. Halere, haurrek puzgarriak izango dituzte bihar frontoian.

 

Gaurko eguna disfrutatzea geratzen zaie ereñotzuarrei, arratsaldean suziriak jaurti eta aurtengo festa zoragarriei agur esateko. Goizean goiz hasiko dira ekitaldiak, 08:30etan zehazki, Hernaniko txistulariek bizilagunak esnatzeko Diana burutuko baitute, nahiz eta atzoko parrandaz gozatu zutenek, akaso, atseden hartu nahi izango duten. 

Eta batenbat musikaz gozatzeko gogoz geratu bada, Ttarlak dantza emanaldia eskainiko du 11:30etan frontoian. Jarraian, eguerdiko 12:00etan, sagardo dastaketa izango da plazan, Ur-mia elkarteak antolatuta, eta hurrengo sagardotegien parte hartzearekin: Larre-Gain, Goiko Lastaola, Altzueta, Itxas-buru, Elorrabi, Iparragirre eta Olaizola. 

Arratsaldean, bertso jaialdi haundia izango dute auzotarrek disfrutatzeko, punta-puntako bertsolarien agerraldiarekin; hala nola Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Sustrai Colina eta Maddi Ane Txoperena. Errifen zozketa burutuko da jarraian, eta horren ostean izango da festei amaiera emango dien ekitaldia. Urtero bezala, suzirien jaurtiketarekin esango diete agur ereñotzuarrek festei, 2027ko ekainera arte. 

Haurrentzako puzgarriak, bihar arratsaldean

Gaztetxoak, halere, zortedunak izango dira aurtengo festetan, eta San Antonioak egun batez luzatuko dituztela esan daiteke; izan ere, bihar arratsaldean, 17:00etatik 19:00etara bitartean hain zuzen, puzgarriez gozatzeko aukera izango dute. Ereñotzuko frontoian jarriko dituzte, saltoka eta jolasean aritzeko.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!