Atzo festei hasiera eman ostean, heldu da Ereñotzuko ospakizun egunik garrantzitsuena, San Antonio eguna. Aurtengoan, gainera, larunbatarekin batu da, festetako egunik potenteena izan ohi dena alegia, egitarau eta parranda aldetik behintzat.
Haurrek zer gozatua izan zuten atzoko arratsaldean, txupinazoaren aurretik: Txirritako ikasturte amaierako jaialdia eta Katiluzar Guraso Elkarteak antolatutako haur jaialdia. Ondoren, 20:00etan bota zuten txupinazoa Auzo Udaleko ordezkari zein ordezkari ohiek. Herri afaria egin zuten gero, eta jarraian Andoni Ollokiegiren emanaldia zein DJ DZrena izan ziren.
Gaurko eguna ere egitarau politarekin dator. 12:00ak arte izango dute atzokoaz deskantsatzeko aukera ereñotzuarrek, orduantxe hasiko baita gaurko lehendabiziko ekitaldia. Herri kirolak izango dira plazan: Igoin eta Laiene Pikabea anai-arreba ereñotzuarrak ariko dira binaka aizkoran, Unai Etxeberria 'Osinalde'ren eta Oihana Fernandez de Barrenaren kontra; eta harrijasotzen ariko dira Malen Morandeira eta Beñat Telleria. Andoni Egaña eta Eli Pagola izango dira bertsoekin ekitaldia girotzen.
Bazkalostean, 17:00-19:00 bitartean, bola eta toka izango dira, San Antonioetako saria eta Hernaniko Bola Txapelketako lehen tiraldia, zehazki. 17:30etan pelotan ariko dira norgehiagokan: Amaia Irazustabarrena-Uxue Olano/Nahia Eizmendi-Garazi Eizmendi, palaz; eta Oihan Etxeberria-Markel Lizeaga/Eñaut Lizeaga-Julen Urruzola, eskuz. Itzal taldea izango da jendea dantzan jarriko duena, DJ Gorkamendirekin batera. 20:00etatik 21:00etara eta 00:30etatik aurrera ariko dira Itzalekoak, eta 21:30etatik 00:30etara DJ Gorkamendi.
SAN ANTONIO EGUNA
12:00, Herri kirolak plazan: Igoin eta Laiene Pikabea binaka aizkoran, Unai Etxeberria 'Osinalde' eta Oihana Fdz. de Barrenaren aurka; eta harrijasotzen Malen Morandeira eta Beñat Telleria. Bitartean, Andoni Egaña eta Eli Pagola bertsoekin ekitaldia girotzen.
17:00-19:00, Bola eta toka:San Antonioetako saria eta Hernaniko Bola Txapelketako lehen tiraldia.
17:30, Pelota partiduak: Amaia Irazustabarrena-Uxue Olano/Nahia Eizmendi-Garazi Eizmendi, palaz; Oihan Etxeberria-Markel Lizeaga/Eñaut Lizeaga-Julen Urruzola, eskuz.
20:00-21:00, Itzal taldea.
21:30-00:30, DJ Gorkamendi gaztetxoentzat, eskolako patioan.
00:30, Itzal taldea.