Asteburu potenteari bidea eginez, gaur arratsaldean hasiko dira San Antonio jaiak Ereñotzun. Txirrita eskolako gaztetxoen emanaldia izango da aurrena, 15:00etan hasita; eta haurrentzako merienda eta jolasak antolatu ditu Katiluzar Guraso Elkarteak segidan. 20:00etan botako dute txupinazoa Auzo Udaleko balkoitik, udal ordezkariek eta izandakoek; eta herri afariaren bueltan elkartuko dira denak frontoian, 21:00etan. Hortik aurrera, musika protagonista: Andoni Ollokiegirekin afalostean, eta DJ DZrekin ondoren.