Asteburu berezia izango da datorrena Laiene eta Igoin Pikabea anaiarreba ereñotzuarrentzat. Ereñotzuar ororentzat bezala, berezia izango da San Antonio jaien asteburua izango dutelako. Baina anaiarreben kasuan, are eta bereziagoa izango da, San Antonio egunean, eguerdiko 12:00etan, frontoian izango baitira aizkoran, bikotekako saioan, Unai Etxeberria 'Osinalde' eta Oihana Fdz. de Barrenaren kontra.
Pasa den astean Osiñagan aritu ziren lehen aldiz, modalitate honetan, baina Oihana eta Osinalde ez dira aizkolari ezezagunak Pikabea anaiarrebentzat; Laiene Oihanaren kontra aritu da askotan, baita Igoin Osinalderen aurka ere. Lagunak, senideak eta auzotarrak izango dituzte ikuslegoaren zati gehien-gehiena osatzen, ereñotzuarrek, eta ziur saio polita eskaintzen dutela.
Berezia da zuentzat San Antonio egunean aizkoran ibiltzea?
Laiene Pikabea: Bai Igoinentzat eta bai niretzat berezia da beti Ereñotzuko frontoian aizkoran aritzea, eta are gehiago San Antonio egunean izanda. Azken finean auzoarentzako egun berezia izaten da, eta gu horren parte izatea polita da. Gainera, berezia izaten da lagunak, senideak eta auzotarrak bertan elkartzen garelako, eta horrek ere plaza berezia egiten du.
Igoin Pikabea: Ikuslegoaren gehien-gehiena jende ezaguna izan ohi da, eta horrek ere tentsio puntu bat suposatzen du, baina niri pertsonalki ilusio haundia egiten dit beti Ereñotzuko frontoian aizkoran aritzeak, ilusio berezia.
Aurkari izan zenituzten Osiñagan Oihana eta Osinalde, rebantxa da larunbatekoa?
I.P.: Ez nuke esango rebantxa denik. Exibizio ezberdina izango da gainera. Osiñagan konbinatu moduko bat egin genuen, egur bat ebakiz eta gero harrijasotzaileek lan egiten baitzuen, txandaka ibiltzen ginen. Ereñotzun, berriz, lan jarraia da; beraz ezberdina da. Eta horrelako emanaldietan, festetakoetan, gure helburua da ahalik eta parekatuen bukatzea, festa polita izaten laguntzeko.
Bereziagoa da San Antonio eguna larunbata izanik? Jende gehiago egon daiteke.
L.P.: Aurten San Antonio eguna larunbata izanda, alde batetik, polita da, baina bestetik zailagoa izango da. Guretzako festak ostiralean hasiko dira, kuadrilako afariarekin besteak beste. Orduan, saiatuko gara larunbatean ahal dugun heinean maila ona erakusten, ahalik eta joko politena atera dadin.
Nolakoa da kide bezala anaia eta arrebarekin aritzea?
L.P.: Niretzat Igoinekin aizkoran ibiltzea polita da, azken finean nire anai gaztea da, eta esango nuke azken boladan erakusten ari dela zer nolako aizkolaria den. Beti errazagoa da horrelako aizkolari baten alboan aritzea.
I.P.: Txanda librean Laienekin gustora aritzen naiz. Nire arreba da, ezagutzen dut, bai bera pertsona gisa eta baita aizkolari gisa ere. Eta polita izaten da, etxekoen artean horrelako saio bat egitea. Gero, bata besteari zuzenketaren bat egiteko garaia heltzen denean, izaten ditugu tartean haserrealdi batzuk, baina tira, normala da.
Zer espero duzue festez? Zein duzue ekintzarik gustokoena?
I.P.: Beste urtetan bezala dena ondo joan dadila espero dut, festa politak izatea, bertatik jendea gustora ateratzea. Eta ekintzarik gustokoena, parranda esan beharko, aspaldiko partez juerga ederra egiteko gogoa dago.
L.P.: Nik ere gaueko giroa nabarmenduko nuke, aizkora saioarekin batera. Gauean auzo guztia, kuadrilako guztiak elkartzen gara, uste dut juerga polita izaten dela, udarari hasiera emateko perfektua.
Nolakoak dira Oihana eta Osinalde aurkari gisa? Askotan ibili zarete haien aurka?
I.P.: Beraien aurka bikote bezala Osiñagan izan zen aritu ginen aurreneko aldia, pasa den astean. Baina bestela, indibidualki ezagutzen ditugu. Laiene aritu da Oihanaren kontra, eta ni Osinalderen aurka. Koinziditu dugu plaza bat baino gehiagotan. Biak aizkolari paregabeak dira, eta ziur nago saio polita eskainiko dugula.