San Antonio ere batuko da aurten larunbat gaueko parrandara!

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko ekainaren 11

Ttapa Ttapako kideek bota zuten txupinazoa iaz, ederki apaindutako balkoitik.

Bihartik igandera ospatuko dituzte jaiak Ereñotzun, eta egun haundia izango da etzikoa, San Antonio larunbatarekin tokatuta. Dantza, kirol, jolas, jan-edan, bertso eta musika artean aseko dute festa gosea, bertakoek eta inguruko herrietatik gerturatuko direnek.

 

Badira 11 urte, San Antonio txintxo xamar ibili dela Ereñotzuko festetan. Eguneko giroaz gozatu, ekintza ezberdinetan parte hartu, baina iluntze parterako etxera buelta. 2015ean batu zen azkenekoz larunbat gaueko parrandara, orduantxe tokatu baitzen San Antonio eguna larunbatarekin, jaietako egun potoloenarekin. Eta aurten bat egingo dute berriro. Bazeukan bai gogoa, berriro ere gorputza goizaldeko ordu txikietara arte mugitzeko!

Egun haundia izango da jaietako bigarrena Ereñotzun, baina biharkoan ere bada zerekin gozatua, festak hastearekin batera. Urtero bezala, kurtso bukaerako emanaldia eskainiko dute Txirrita eskolako gaztetxoek, eta segidan festa polita prestatu die Katiluzar Guraso Elkarteak. Iluntzeko 20:00etan botako dute txupinazoa Auzo Udaleko balkoitik, bertan gobernante dabiltzanek eta lehenago aritutakoek.

Hortik aurrera ere, giro ederra auzoan: herri afaria egingo dute frontoian, eta Andoni Ollokiegiren emanaldia izango dute ondoren. DJ DZk jarriko dio errematea egunari.

Indartsu dator San Antonio eguna, bai. Puntako herri kirolariak goizean, Eli Pagolaren eta Andoni Egañaren bertsoek xaxatuta; eta puntako pelotariak arratsaldean, palaz zein eskuz. Bola eta toka txapelketak ere jokatuko dira, berriro ere musikari bidea egin aurretik. Itzal taldeak saio bikoitza eskainiko du, bigarrena parranda nahi adina luzatzeko modukoa; eta tartean gaztetxoentzako emanaldia izan­go da DJ Gorkamendirekin.

San Antonio parrandan topatzen duenak, esan diezaiola igandean ere bueltatu behar du­ela, azkeneko eguna ere ederra izaten baita Ereñotzuko jaietan, ohiko ekintza sortarekin. Hernaniko txistularien doinuek esnatuko dute, edonola ere.

Ttarlako dantzariek ez dute hutsik egingo aurtengoan ere, sagardo probaketarik faltako ez den bezalaxe. Eguerdi partean izango dira biak.

Eta arratsaldean, ohiko errematea San Antonioei, oso maila haundiko bertso saioarekin. Lau lagun oholtza gainean, denak ere Euskal Herriko Txapelketarako prestaketekin hasita: Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Sustrai Colina eta Maddi Ane Txoperena. Aritu daitezela fin, aurrean izango dituzten ikus-entzuleak hasiko baitzaizkie 'puntuazioak' ematen, oraindik txapelketarako hilabete luzeak falta diren arren.

Bertso jarioa agortu bezain pronto emango diete bukaera aurtengo jaiei, errifaren zozketa egin eta azkeneko suziriak botata. Baina gaztetxoei azkeneko egun bat ere oparitu diete aurtengoan, astelehenekoa. Oraindik nahikoa salto eta ohiu egin ez badute, horretarako aukera izan dezaten: puzgarriak izango dituzte arratsaldeko 17:00etatik 19:00etara bitartean.

 

Ttarlako dantzariek girotuko dute igande goiza.
 
 

SAN ANTONIO JAIAK

EGITARAUA

BIHAR, ostirala

15:00, Txirrita eskolako ikasleen kurtso bukaerako jaialdia.

16:30, Haur jaialdia, Katiluzar Guraso Elkarteak antolatuta: merienda, jolasak, ginkana...

20:00, Txupinazoa, Auzo Udaleko ordezkarien eta ordezkari ohien eskutik.

21:00, Herri afaria, frontoian. Txartelak gaur arte salgai Irrintzi tabernan.

Afalostean, Andoni Ollokiegiren emanaldia.

Ondoren, DJ DZ, txosnan.

ETZI, larunbata

12:00, Herri kirolak, Ereñotzuko plazan:

-Aizkoran: Igoin Pikabea eta Laiene Pikabea, Oihana Fernandez de Barrenaren eta Unai Etxeberria 'Osinalde'ren kontra

-Harrijasotzen: Malen Morandeira eta Beñat Telleria.

-Aurkezle lanetan Xabier Barrenetxea ariko da.

12:00, Andoni Egaña eta Eli Pagola bertsolariak, herri kirol saioa girotzen.

17:00-19:00, Bola eta toka: San Antonio jaietako saria eta Hernaniko Bola Txapelketarako lehenengo tiraldia.

17:30, Pelota partiduak:

-Palaz: Amaia Irazustabarrena eta Uxue Olano, Nahia Eizmendiren eta Garazi Eizmendiren kontra.

-Eskuz: Oihan Etxeberria eta Markel Lizeaga, Eñaut Lizeagaren eta Julen Urruzolaren kontra.

20:00-21:00, Itzal taldearen lehenengo saioa, plazan.

21:30-00:00, DJ Gorkamendiren emanaldia gaztetxoentzat, eskolako patioan.

00:30, Itzal taldearekin parranda, goizaldera arte.

EKAINAK 14, igandea

08:30, Diana bailaran barrena, Hernaniko txistularien eskutik.

11:30, Ttarla dantza taldearen emanaldia, frontoian.

12:00, Sagardo probaketa plazan, Ur Mia elkarteak antolatuta. Sagardotegiak: Larre-Gain, Goiko Lastaola, Altzueta, Itxas-Buru, Elorrabi, Iparragirre eta Olaizola.

18:30, Bertso jaialdia: Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Sustrai Colina eta Maddi Ane Txoperena.

Ondoren, Errifaren zozketa eta jaien amaiera suziriak jaurtiz.

EKAINAK 15, astelehena

17:00-19:00, Puzgarriak, frontoian.

 

MEZEN EGITARAUA

SAN ANTONIO PARROKIAN

ETZI, San Antonio eguna

08:00, Meza.

10:30, Meza nagusia.

EKAINAK 14, igandea

10:00, Meza nagusia.

 

AUTOBUS ZERBITZUA

LARUNBAT GAUEAN

Hernanitik (Zinkoeneatik), 00:00etan eta 03:00etan.

Ereñotzutik, 00:30etan, 03:30etan eta 06:00etan.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!