Iritsi da urteko asterik bereziena, Ereñotzun. Asteburu honetan ospatuko dituzte San Antonio jaiak, ohiko ekintza sorta ederrarekin, eta hainbat urtean behin tokatzen den berezitasunarekin. Normalean San Antonio eguna eta festetako larunbata izaten dira bi egunik potenteenak, eta bat eginda datoz aurtengoan, larunbatarekin tokatu baita San Antonio eguna bera.
Gauzak horrela, egun haundia izango da jaietako bigarrena: herri kirolak eta bertsolariak eguerdian, bola eta toka txapelketak zein pelota partiduak arratsaldean, eta Itzal taldearekin eta DJ Gorkamendirekin musika iluntzetik goizaldera.
Bezperan hasiko dira festak, Txirritako ikasleen jaialdiarekin eta Katiluzarrek prestatutako merienda eta jolasekin. Iluntzeko 20:00etan botako dute txupinazoa Auzo Udaleko kideek zein izandakoek, eta giro polita izango da gauean: herri afaria, Andoni Ollokiegiren emanaldia, eta DJ DZrekin musika txosnan goizaldera arte. Herri afarirako, gaur arte eskuratu daitezke txartelak, Irrintzi tabernan.
Igandea ere ez da izango makala, bere programa bereizgarriarekin: txistularien diana eta Ttarlaren emanaldia hasteko, sagardo dastaketa eguerdian, eta punta-puntako bertso jaialdia arratsaldean. Horrekin bukatuko dira jaiak gehienentzat, baina ez gaztetxoenentzat. Haiek 'prorroga' txiki bat izango dute astelehenean: puzgarriak jarriko dituzte 17:00etatik 19:00etara.
Egitarau osoa ikusgai dago kronika.eus webgunean, albiste honekin batera.
SAN ANTONIO JAIAK
EKAINAK 12, ostirala
15:00, Txirrita eskolako ikasleen kurtso bukaerako jaialdia.
16:30, Haur jaialdia, Katiluzar Guraso Elkarteak antolatuta: merienda, jolasak, ginkana...
20:00, Txupinazoa, Auzo Udaleko ordezkarien eta ordezkari ohien eskutik.
21:00, Herri afaria, frontoian. Txartelak gaur arte salgai Irrintzi tabernan. Afalostean, Andoni Ollokiegiren emanaldia.
Ondoren, DJ DZ, txosnan.
EKAINAK 13, larunbata
12:00, Herri kirolak Ereñotzuko plazan: Igoin Pikabea, Laiene Pikabea, Unai Etxeberria 'Osinalde' eta Oihana Fdz. de Barrena, aizkoran; Malen Morandeira eta Beñat Telleria harrijasotzen. Ekitaldia girotzeko, Andoni Egaña eta Eli Pagola bertsolariak.
17:00-19:00, Bola eta Toka. San Antonioetako saria eta Hernaniko Bola Txapelketarako lehen tiraldia.
17:30, Pelota partiduak: Palaz binaka Amaia Irazustabarrena-Uxue Olano, Nahia Eizmendi-Garazi Eizmendiren aurka; eskuz binaka Oihan Etxeberria-Markel Lizeaga, Eñaut Lizeaga-Julen Urruzolaren aurka.
20:00-21:00, Itzal taldea.
21:30-00:30, DJ Gorkamendi gaztetxoentzat, eskolako patioan.
00:30, Itzal taldea.
EKAINAK 14, igandea
08:30, Hernaniko txistulariak Daiana bailaran barrena.
11:30, Ttarla taldea plazan.
12:00, Sagardo dastaketa plazan, Ur-mia elkartearen eskutik: Larre-gain, Goiko lastaola, Altzueta, Itxas-buru, Elorrabi, Iparragirra eta Olaizola.
18:30, Bertso jaialdia: Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Sustrai Colina eta Maddi Ane Txoperena.
Ondoren, Errifaren zozketa eta jaiei amaiera suziriak jaurtiz.
EKAINAK 15, astelehena
17:00-19:00, Puzgarriak frontoian.