Bailarako kirolarien topagune izango da Ereñotzuko Mendi Lasterketa, gaur goizean

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko maiatzaren 30a

Hainbat korrikalari, Akolako igoeran, joan den urteko lasterketan.

200 lagunek hartuko dute parte, eta horietatik erdia baino dezente gehiago dira Urumea bailarakoak, lasterketaren izaera herrikoiaren erakusle. Goizeko 10:00etan abiatuko dira helduak, haurren lasterketaren ondoren.

 

Askok eta askok ez dute beste mendi lasterketarik egingo urte osoan, baina Ereñotzun izango dira gaur, hutsik egin gabe, 'etxeko karreran'. Batek daki zergatik, baina urtez urte hartu du gero eta izaera herrikoiagoa Ereñotzuko Mendi Lasterketak. Horren erakusle da, partehartzaile gehien-gehienak izango direla bertakoak, erdia baino dezente gehiago: 114 hernaniar, sei ereñotzuar eta zazpi astigartar. 127 guztira bailarakoak, 200 partehartzaileren artean.

Goizeko 10:00etan abiatuko dira korrikalariak Ereñotzuko frontoitik, 11,75 kilometroko ibilbide gogorra osatzeko, Aiako Harria Parke Naturalean barrena. Haien aurretik, umeek osatuko dute beraien ibilbide gorabeheratsua auzoan barrena, 09:30ak aldera abiatuta. Doakoa izango da, eta frontoian bertan eman beharko dute izena lasterketaren aurretik. Helduen kasuan ez da horretarako aukerarik izango, duela hilabete agortu baitziren dortsalak.

Horietako bat eskuratzeko aukera izan zutenek, goizeko 08:00etatik 09:30etara hartu beharko dute, Auzo Udaleko aretoan. Aurten ez da autobus lanzaderarik izango auzora iristeko, aparkaleku gisa erabilgarri baitago bolatokiaren ondoko aisialdi eremua berriro.

Frontoitik atera eta Txilibita baserritik aldapa gora abiatuta, ohiko ibilbidea osatuko dute korrikalariek, aldaketa txiki batekin: Malbazarko gainean, ezkerretara igelen putzura igo beharrean, aurrera segiko dute korrikalariek, pistara iristeko. Izan ere, ataka berri bat jarri dute aldapatxo horretan, eta arriskutsu xamarra izan daiteke korrikalarientzat, azaldu dutenez. Aldaketak aldaketa, ziurtatuta dago giro ederra, bai mendian eta bai auzoan.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!