«Nabaritzen da badatorrela Ereñotzuko Mendi Lasterketa, korrikalari pila bat dabiltza egunero!»

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko maiatzaren 26a

Hainbat korrikalari, Arrondoko antenara igotzen, ibilbidearen hasieran.

Larunbat honetan izango da urteroko zita Ereñotzun, eta asko dira asteotan bertara entrenatzera joan direnak, auzotarrek diotenez.

 

Lanegunetako arratsaldeetan edo asteburuko goizetan Ereñotzuko plazan eserita egon denak, ondo daki zer nolako mugimendua izan den auzoan azkeneko asteotan: makina bat korrikalari, indartsu abiatu eta izerdi patsetan bueltatzen.

«Nabaritzen da badatorrela Ereñotzuko Mendi Lasterketa, korrikalari pila bat dabiltza egunero!», aitortu dute auzotarrek. Horretaz aspaldi konturatu da Larre Gain sagardotegiko familia ere, etxe aurretik igarotzen baitira denak, arnasestuka.

Larunbat honetan izango da Ereñotzuko Mendi Lasterketaren 14garren edizioa, goizeko 10:00etan frontoitik abiatuta. Ohiko ibilbidea osatu beharko dute, dortsalak aspaldi agortu zituzten 200 partehartzaileek: 11,75 kilometro, Aiako Harria Parke Naturaleko paraje ederretan barrena.

Antolatzaileek aditzera eman dutenez, berriro normaltasunez aparkatu ahal izango da Ereñotzun, Auzo Udalak horretara bideratuko baitu azkeneko urtean berritutako aisialdi eremua, bolatokiaren ondoan. Hortaz, aurten ez da Ibarluzen aparkatu beharko, eta ez da autobus lanzaderarik izango auzora iristeko.

Edonola ere, garaiz joatea gomendatu dute antolatzaileek. Goizeko 08:30etatik 09:30etara banatuko dituzte dortsalak, eta ordu horretantxe hasiko da haurren lasterketa. Auzoan barrena osatuko dute ibilbide gorabeheratsua. Doakoa izango da partehartzea, eta momentuan eman beharko dute izena, frontoian bertan.

Txikienek bukatzean, eta azkeneko beroketa eta luzaketak eginda, helduak abiatuko dira.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!