Alegazioak aurkeztu dizkio Ereñotzuko Auzo Udalak, K-Norte enpresak produktu kimikoak biltegiratzeko Epelen egin nahi duen proiektuari. Hala eman du aditzera: «Uste dugu proiektuak ingurumeneko eta hirigintzako gabeziak dituela eta, ondorioz, eskatutako lizentzia ukatu beharko litzaiokeela».
Proiektuaren eta prozeduraren hainbat hutsunetan jarri du azpimarra Auzo Udalak. Horrela, hasteko, nabarmendu du «prozedura sinplifikatuaren bidez» izapidetu dela «substantzia sukoien, toxikoen eta korrosiboen biltegiratzea aurreikusten duen proiektua», nahiz eta dokumentazioak berak aitortu «jarduerak Seveso III Zuzentarauaren mailak gainditzen dituela, eta istripu larriak izateko arriskua duen proiektua dela». Hori horrela, gogorarazi du ingurumen-legediak prozedura arrunta ezartzen duela arrisku esanguratsuak, efektu sinergikoak edo eremu sentikorren hurbiltasuna daudenean. «Baldintza horiek guztiak betetzen dira Epeleko kasuan».
Era berean, Auzo Udalak nabarmendu du «inguruan dagoen Seveso instalazioen kontzentrazio haundia», kilometro bateko erradioan baitaude bi industria «arriskuen gorengo mailakoak», eta horrek dakarrelako zonaldea izatea «Gipuzkoako arrisku kimiko haundieneko guneetako bat».
«Hirigintza ikuspegitik, horrelako jarduera berri bat ez legoke baimenduta»
Auzo Udalak dio, bestalde, hirigintza ikuspegitik ez legokela baimenduta mota horretako jarduera berri bat: «Hernaniko Arau Subsidiarioak aintzat hartuta, ezin dira istripu larrien araudiaren eraginpeko jarduera berriak ezarri hirigintza-plangintza aldez aurretik aldatu gabe. Lursaila, gainera, oso hurbil dago etxebizitzetatik, GI-3410 errepidetik, langile kopuru haundiko enpresetatik eta azpiegitura sentikorretatik, hala nola Lastaolako ponpaketa-estaziotik edo alboan dauden Lurraldebuseko autobusen kotxetegietatik».
Ingurumen ikuspegitik ere azaleratu ditu proiektua gauzatzeko oztopoak Auzo Udalak: «Proiektua kokatzen da Urumea ibaiaren Kontserbazio Bereziko Eremuan eta Natura 2000 sarearen barruan zein uholde arriskuko gune batean, eta aurkeztutako dokumentuak ez ditu behar bezala aztertzen ez ibai-ekosistemari eragin diezazkiokeen kalteak, ez uholdeek sor ditzaketen arriskuak. Bereziki deigarria da Eusko Jaurlaritzaren txostenak ustiapen-fasea ia ez aztertzea, nahiz eta enpresaren dokumentuak berak onartzen duen substantzia sukoien biltegiratzeak suteak eragin ditzakeela eta horiek ondorio oso larriak izan ditzaketela ondasunetan eta biodibertsitatean».
Auzo Udalak uste du Hernaniko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak «zalantzan jarri» behar zutela enpresak eskatutako prozedura sinplifikatua, arrunta bezala tramitatzeko. Gaineratu du, bestalde, Auzo Udalari ez diotela galdetu Eusko Jaurlaritzako ingurumen prozeduran, eta alegazioak egiteko epean ez duela sarbiderik izan «funtsezko txosten batzuetara, Hernaniko Udalari bidalitako espedientean ez zeudelako, eta Jaurlaritzari eskatu arren, Auzo Udalak oraindik ez duelako erantzunik jaso». Horrek «indefentsio egoera» sortu duela salatu du, «bai Auzo Udalarentzat, bai herritarrentzat».