Hilabete barru egingo dute aurtengo Atsolorra ereñotzuarrek, maiatzaren 17an; baina dagoeneko hasi dira prestaketa lanekin, urtero bezain goxoa izan dadin auzotar berrien ongietorria. 2025ean jaiotako haurren Atsolorra izango da egingo dutena, eta Ereñotzun bertan bizi direnei ez ezik, auzoarekin lotura dutenei ere luzatu diete ekitaldirako gonbitea.
Horrela, auzoan erroldatuta dauden haurren familiei dagoeneko bidali diete gonbidapena, baina nahi dute «auzoarekin lotura sentizen duten familiek» ere parte hartu dezaten Atsolorrean. Horretarako, Auzo Udalarekin jarri daitezke harremanetan, informazio gehiago jasotzeko edota izena emateko: 943 55 10 00 telefonora deituta, edo ereinotzu@ereinotzu.eus helbide elektronikora idatzita.
Ohitura zaharrak segida izango du beste urte batez, Ereñotzun. Garai batean egiten zuten Atsolorra, haur bat jaiotzean. Hura bataiatu ondoren, bisitan joaten zitzaizkion auzoko emakumeak amari. Merienda eskaintzen zien berak, eta kontu-kontari aritzen ziren, umoretsu.
Usadioa galdu zuten bere horretan, baina berreskuratu egin zuten 2012an, egokituta: ordutik, aurreko urtean jaiotako haurrei egiten diete ongietorria auzotarrek, denei batera, festa giro goxoan.
Txalaparta doinuak, musika edota bertsoak izan ohi ditu ospakizunak, eta meriendarekin borobiltzen dute Atsolorra, haur, gazte eta heldu elkartuta.