«Guretzat sorpresa izan da Ondarebideek izandako harrera, xumea bezain aberatsa izan da ekimena»

Kronika - Erredakzioa 2026ko martxoaren 20a

Benta Berrin hasi zuten hirugarren ibilaldia, 2024ko ekainean, Pagoagara bitarteko etxeetako kontuak ezagutuz.

Transmisioan eragin nahian jarri zuen martxan Ondarebideak ekimena, Olak Auzo Elkarteko Iñatzupedia taldeak; eta zortzi ibilalditan 80 bat etxetako istorioak eta bizipenak ezagutu ondoren, pozik eta harrituta daude eman duenarekin.

Ekarri liteke zenbakitara Ondarebideak ekimena, errepasoa egiteko garaian: zortzi ibilaldi izan dira, 2023ko azaroan hasi eta 2026ko otsailera bitarte; 80 bat etxe bisitatu dituzte denera; eta saio bakoitzean 50 lagun inguru bildu dira batazbeste. Zenbaki horiek guztiz zehazten ere hasi gintezke, baina zenbakietatik harago dijoa ekimenak eman duena, antolatzaileak eurak ere harritu dituena. «Guretzat sorpresa izan da ekimenak izan duen harrera. Transmisioan eragin nahi genuen, bertako jendea aktibatuta. Eta horretan asmatu dugu, etxe bakoitzekoei ematen protagonismoa eta hitza», diote Olak Auzo Elkarteko Iñatzupedia ondare taldeko kideek: Joxe Artolak, Miren Legarretak, Mikel Peruarenak eta Jon Mari Beasainek.

Ibilaldi bakoitzean, Ereñotzuko zonalderen bateko etxeetara egin dute bisita, eta bertakoen ahotik jaso dituzte etxeko istorioak, bizipenak... «Hasiera-hasieratik» lortu zuten haiek ekimenarekin bat egitea, espero baino ilusio eta gogo gehiagorekin: «Galdezka aritu dira familian, artxibora jo dute dokumentatzera... Asko landu dituzte bisitetan kontatzekoak, eta gauza asko deskubritu dituzte, beraiek ere ez zekizkitenak. Gainera, tenple ederrarekin aritu dira jendaurrean hizketan. Eskerrak eman behar dizkiegu denei, proposamena horrela hartzeagatik».

Istorioek eta bizipenek, solasaldi amaigabeetarako bide eman dute bisitetan, jakinminak piztuta: «Jendeak oso gustura hartu ditu istorioak. Badira kontu asko, ezagutu bai baina ahaztuta geneuzkanak. Eta askorentzat, as­paldiko kontuak gogoratzeko mo­dua izan da. Honen bueltan bildu dira umetan elkarrekin ibilitakoak, eta denen artean ekarri dituzte gogora orduko kontuak. Gogotsu aritu dira kontu-kontari, eta izan dira hika-mika politak ere, datekin gora eta behera. Ezin bukatu aritzen ginen hamaiketakoaren ordurako! Etxe bakoitzarentzat 10 bat minutu kalkulatzen genituen, eta behin hasita ordu erdi ere pasatzen zuten batzuek istorioak kontatzen!», diote Iñatzupedia taldekoek barrez.

Makina bat anekdota eta pasadizo azaleratu dituzte ibilaldiek, Kronikako orri honetan irakurtzea baino, merezi dutenak protagonisten ahotik zuzenean entzutea: «Politena izan da nork beretik kontatzea. Batzuek bizipenetatik jo dute gehiago, eta besteek etxearen historiatik, baina norbera aritu da bereari buruz».

Ondarearen transmisioan, pausoz pauso

Transmisioan eragiteko asmoz, Ondarebideak ez ziren izan antolatutako aurreneko eki­mena. Lehenago, Latseko fabrikan egina zuten saio monografikoa, Asier Agirresaroberen eskutik: «Latseko nagusiaren ondorengoak ere etorri ziren, gordeta zeuzkaten hainbat gauza ekarri zituzten, eta eskolan ere egin zuten lanketa. Gainera, Sofia Arostegik mural bat diseinatu zuen fabrikaren tokian, eta gaztetxoekin batera margotu zuen».

Aurreneko ekimen hark jende asko mugitu zuen, eta bigarren saio monografiko bat egin egin zuten: Fagollagako zentralean, Eli Pagolaren eta Ainhoa Gutierrez del Pozoren 'Ta argiya iñ zan' ikerketa eta dokumentala ardatz hartuta. Zentralaren barruko aldean bertan proiektatu zuten ikusentzunezkoa.

«Batak bestea ekarri zuen», eta Ondarebideak ekimena jarri zuten martxan, bazter guztietara iritsi nahian: «Xumea bezain aberatsa izan da ekimena. Gutxi gorabehera, txoko guztiak bisitatu ditugu».
 

Eta orain, zer?

Horixe da ondare taldeak ere bere buruari egiten dion galdera: «Ondarearen inguruan, ohikoak izaten dira hitzaldiak, museoak... Eta guk juxtu kontrakoa egin dugu, zerbait oso bizia; jendea bere kontuak kontatzen. Akademikoaren alderantzizkoa izan da. Etxe guztietan barrena egin dugu ibilaldia, eta orain, bukatuta, zer egin behar dugu? Hitzaldiak antolatzen hasi?».

Momentuz badauzkate zenbait ideia, edonola ere. Batetik, azkeneko saio bat egiteko asmoa dute, denak elkartuta, ekimenari bukaera emateko: «Badaukagu ideia bat buruan, baina oraingoz ezin dugu ezer aurreratu...», aitortu dute. Eta bestetik, saio gehienak grabatu dituzte, eta badaukate beste dokumentazio ugari ere. Guzti horri zein forma eman aztertzen ari dira, eta nola jarri eskuragarri.

Bestelako ekimenak ere ari dira lantzen, ahozko ondarearekin lotuta: «Hemen erabiltzen diren hitzen bilketa ere egiten ari gara. Ereñotzu alde hau irla txiki bat da hizkuntza aldetik, baina globalizazioarekin galtzen ari da pixka bat. Etxean erabili ezean, galtzen joaten dira hitz horiek. Eta horretan ere egin du bere ekarpena Ondarebideak ekimenak, bat-batekotasunean nork bere hizkeran kontatu baititu istorioak eta bizipenak».

Ondarebideek, gainera, ate ugari zabaldu dituzte, ondarearekin lotutako ikerketak egin nahi dituzten horientzat. Berta­koen ahotik entzundakoak baino abiapuntu hoberik ez dago, jakinminaren 'makineria' martxan jartzeko. Lehenago ere ikerketa askoren kokaleku izan baita Urumea bailara, bere aberastasunagatik. Eta batek daki, ekimena bera ez ote duten beste toki batzuetara eramango: «Kanpotik ere etorri da jendea zenbait saiotara, eta esan digute oso gauza polita dela egin duguna. Beste herri edo txoko batzuetara ere trasladatu beharko litzatekeela».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!