Igandean izango du Igoin Pikabea ereñotzuarrak binakako aizkora apustua. Zumarragako pilotalekuan izango da, 18:00etan, eta Unai Etxeberria ezkiotarra kide, helburu du Aritz Oiarbide eta Jon Erdoiza lehengusu sakandarrak garaitzea. 4.000€ daude jokoan; tartean, 20 kanaerdiko ebakitzeko erronka.
Pikabeak azaldu duenez, prest daude Etxeberria eta biak: «Nire burua ondo ikusten dut. Unai ere indartsu dabil. Entrenamendu gogorrak egin ditugu, eta beren fruituak eman dituzte. Behintzat itxura ona emango dugun esperantzarekin goaz, etxean lan ona egin baitugu».
Aurkariak ezagutzen ditu ereñotzuarrak, eta argi dauka horiek ere prestatuta joango direla frontoira: «Bi lehengusuek erakutsi dute oso aizkolari biziak direla. Ziur beraien lana ondo egingo dutela».
«Giro jendetsua» eta «apustu polita» espero ditu Pikabeak, «sarreren erdia baino gehiago erresarbatuta baitaude».